Lapurretak eragozteko ikuskapenak egiten ari da Udaltzaingoa etxeetan

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 11a, 10:27

Silikonazko markagailua etxebizitza baten sarrerako atean. (Azpeitiko Udaltzaingoa)

Aste Santuko oporraldiaren atarian ekin diote lan horri eta jarraituko dute asteotan. Herritarrei zuzendutako hainbat gomendio ere zabaldu dituzte.

Opor garaietan etxebizitzetako lapurretak "gehitu" egiten direla eta, Udaltzaingoa asteotan "zaintza bereziak" egiten ari dela jakinarazi du udalak.

Aste Santuko oporraldiaren atarian ekin dio Udaltzaingoak etxebizitza blokeetan ikuskapenak egiteari eta bide beretik jarraituko du asteotan. "Etxeetako ateak ikuskatuko ditu, lapurrek erabili ohi dituzten markak atzemateko. Orain arte egindako ikuskapenetan, dagoeneko aurkitu ditu silikona markak zenbait atetan", zehaztu du udalak.

Herritarrei zuzendutako hainbat gomendio ere zabaldu ditu Udaltzaingoak, lapurreta saiakerak eragozteko kontuan hartzekoak. Honako bost gomendioak dira, hain zuzen, udaltzainek zerrendatu dituztenak:

  • Etxepean edo etxepetik kanpora pertsona susmagarriren bat ikusiz gero, berehala deitu Udaltzaingora (092 telefono zenbakia). Plastikozko markatzaileak edo bestelako arrastoak hautematen badira, ez ukitu eta Udaltzaingoari jakinarazi.
  • Etxeko atea giltzaz itxi dela ziurtatu beti.
  • Atearen markoa sarri aztertu, talde antolatuek erabili ohi dituzten plastikozko markatzaileak edo itsasgarri hariak jarri dituzten jakiteko.
  • Ahalegindu beti etxean norbait dagoela aditzera ematen.
  • Etxean lapurreta eginez gero, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta berehala deitu Udaltzaingora.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide