Nagore Alkorta alkateak, Ion Oteiza udaleko Kirol batzordeburuak eta Alaitz Badiola Azpeskirola elkarteko lehendakariak hitzarmena sinatu dute gaur, eta 2024-2025 ikasturtean eskola kirola garatzeak eragingo dizkion kostuei aurre egiten laguntzeko, udalak 55.000 euroko diru laguntza eman dio elkarteari.
Hitzarmenaren bidez, gainera, udalak eta elkarteak elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, eta horrenbestez biek adostuko dute Azpeitiko eskola kirolaren programa. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ere bermatuko dute, udalak adierazi duenez. Haren esanetan, eskola kirolaren helburuetako batzuk dira honako hauek: ezarritako balioak sustatzea; fisikoki eta mentalki, pertsona gisa modu integralean haztea eta heztea; euskara ete bere erabilera sustatzea; bizimodu eta ohitura osasungarriak sustatzea eta barneratzea; hainbat kirol modalitate eta jarduera fisiko ezagutzea eta horietan trebetasuna hartzea; partaidetzaren kultura sustatzea; sozializazioa erraztea; eta jolastuz ikastea.
Zutarri Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleen guraso elkarteak, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba Elkarteak eta Iraurgi ikastetxeak joan zen urteko uztailean sortu zuten Azpeskirola irabazi asmorik gabeko elkartea, Azpeitiko eskola kirolari kudeaketa iraunkorra ziurtatuko zion egitura bat emateko asmoz. Modu horretara, eskola kirolak herrian eskaintza izateaz gain, elkartea osatzen duten erakundeek gauzatzen dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskola kiroleko programan arautzen diren ekintzak.