Blai baina alai, Santa Engraziko eguna ospatu du mendizale talde ausart batek

Maddi Txintxurreta 2025ko api. 13a, 13:08

Mendizaleek ez dute kale egin beste urte batez Santa Engrazia Egunean, eta euria eginagatik ere, giro ederra sortu dute ermitaren bueltan. Han hamaiketakoa egin eta behera abiatu dira.

Mendizaleentzat euria ez da oztopo izaten igande goizeko txangoa egiteko, antza, ezta txikienentzat ere, gaur Aizarnako Santa Engrazia ermitaren bueltan egiaztatu ahal izan denez: hainbat herritar, haur eta heldu, animatu dira Santa Engrazia Egunean parte hartzera.

Urtero legez, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Zestoako Agiro Mendi Klubak antolatu dute txangoa. Aurtengoan, autobusez joan dira Zestoara azpeitiarrak, eta handik egin dute ermitarako bidea. Behe-lainoaren artean agertu zaie Santa Engrazia, eta barruan egin dute hamaiketakoa, euri-langarretik babestuta.

Normalean, Beheko Bentan haurrentzako jolasak egiten dituzte eta, tradizioak agintzen duen modura, itxulapikoak puskatzen dituzte. Baina ez zen giro gaurkoan, eta behera egin dute. Azpeitiko mendizaleek 13:00etan hartu dute etxera bueltatzeko autobusa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide