Etxean eta kanpoan, bietan irabazi

Nerea Uranga 2025ko api. 13a, 10:39

Domusa Teknik ISBren eta Lima Horta Barcelonaren arteko partida, atzo Azkoitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar)

Domusa Teknik ISBk nahiz Biele ISBk irabazi egin dituzte azken jardunaldiak; batek aldearekin eta besteak justu-justu. Emakumeen taldea LF1 mailara igotzeko play off-etarako sailkatu da.

Denboraldiko azken hondarretan murgilduta dabiltza Iraurgi saskibaloiko bi talde nagusiak. Asteburu honetako jardunaldiak atzo, larunbata, jokatu zituzten bi taldeek, eta biak aldeko emaitzak lortu zituzten.

LF Challenge mailako Domusa Teknik ISBk etxean jokatu zuen neurketa Lima Horta Barcelona taldearen kontra Azkoitiko kiroldegian. Hasiera-hasieratik (21-16) markagailua bere alde jarrita aritu ziren Iraurgiko neskak, eta atsedenera markagailuan zortzi puntu aurretik zirela iritsi ziren, 36-28. Hirugarren laurdenean ere puntuak batzen joan ziren ISBkoak, sei puntuko abantaila irabaziz (21-15). Azken zatian, apalago (14-13) ibili arren, 71-56 emaitzarekin partida irabazi zuten.

Domusa Teknik ISB sailkapeneko zazpigarren postuan dago, eta LF1 mailara igotzeko Play off-etarako sailkatu da. Liga bukatzeko falta zaizkion bi jardunaldietako aurkariak oso atzetik ditu sailkapenean. Datorren igandean, apirilaren 20an, Barakaldoren kontra jokatuko du (12:00), Barakaldoko Lasesarre kiroldegian (Bizkaia). Barakaldo sailkapeneko azken bigarren postuan dago.

Azken jardunaldia, berriz, Azkoitiko kiroldegian jokatuko du apirilaren 26an (larunbata), 19:00etan. Orduan, Barca CBS izango du aurkaria; talde hori Domusa Teknik ISB baino bost postu beherago dago sailkapenean.

Biele ISBk, justu baina irabazi

Zilarrezko LEB mailako Biele ISBko mutilek ere atzo jokatu zuten asteburu honetako jardunaldia. Etxetik kanpo, baina garaipenarekin itzuli ziren Lobe Huescaren kontrako neurketatik.

Lobe Huescak oso ondo hasi zuen partida, baina atsedenetik bueltan ihes egin zion, erasoan ez zelako fin ibili eta defentsan sendotasuna galdu zuelako. Lehen bi zatietan (18-13 eta 23-23) puntuak aurreratuz joan ziren aurkariak, baina azken bi zatietan gutxirako balio izan zien, Biele ISBkoak gerturatzen joan zirelako eta azken laurdeneran hasierarako aurretik jarri ziren, hirukoei eta joko barruko nagusitasunari esker. Partida bukatzerako hiruko bat jaurti zuten aurkariek, baina huts eginda partida Biele ISBren aldekoa izan zen, 69-72.

Biele ISBko mutilek azken jardunaldia jokatuko dute datorren larunbatean, apirilaren 19an, 20:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Teknei Zornotzaren kontra jokatuko du; talde hori multzoko sailkapeneko azkenengo postuan dago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide