Larrialdiei aurre egiten ikasteko saioak antolatu dituzte udalak eta DYAk

Ihintza Elustondo 2025ko api. 14a, 09:51

DYAk lehen sorospen ikastaroa emango du Azpeitian. (DYA Gipuzkoa)

Bi saio izango ditu ikastaroak: apirilaren 29an egingo dute aurrena, eta maiatzaren 6an bigarrena. Larrialdien aurrean zer egin eta zer ez egin jakin nahi dutenei zuzenduta egongo dira.

Zenbait larrialdi egoeratan, erabakigarria izan daiteke nola jokatu jakitea. Hori horrela izanda, Azpeitiko Udalak eta DYAk, elkarlanean, ikastaro bat antolatu dute, larrialdien aurrean zer egin eta zer ez egin jakin nahi dutenei zuzenduta.

Bi egunetan banatuko da ikastaroa. Apirilaren 29an –asteartea– izango da lehenen saioa, eta lehen sorospenei buruzko azalpenak emango dituzte bertan hizlariek: itolarriak, zauriak, erredurak, traumatismoak, bularreko minak, isurketak, garuneko tronbosiak, konbultsioak, konorte galerak... Bigarren saioa maiatzaren 6an –asteartea– izango da, eta bihotz biriken suspertzearen teknika eta kanpoko desfibrilagailu erdi automatikoa erabiltzen erakutsiko dute gidariek.

Basazabal jauregian izango dira bi saioak, 18:00etatik 20:00etara. Doakoak izango dira, baina beharrezkoa da aurretik izena ematea. Lotura honetan egin behar da apirilaren 29rako izen ematea, eta beste honetan, berriz, maiatzaren 6ko saiorako izen ematea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide