Emakumeek irabazi, gizonek galdu

Ihintza Elustondo 2025ko api. 14a, 11:32

Lagun Onaken gizonek Baskoniaren aurka jokatutako partidaren une bat. (Lagun Onak)

Lagun Onak futbol klubeko emakumeen talde nagusiak 0 eta 1 irabazi dio Ostadarri, baina ez dira guztiz aho zapore onarekin etxeratu, lesioak tarteko. Gizonek 0 eta 1 galdu dute Baskonia liderraren aurka; epailea ez da ondo aritu, eta baliozkoa behar zuen Lagun Onaken gol bat baliogabetu du.

Lagun Onak futbol klubeko emakumeen talde nagusiarentzat asteburu gazi-gozoa izan da igaro berri dena. Etxetik kanpo neurtu zituen indarrak Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak larunbatean, Ostadarren aurka, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta Azpeitikoek 0 eta 1 irabazi zuten partida. Hala eta guztiz ere, ez ziren guztiz aho zapore gozoarekin etxeratu, lesioak tarteko.

Partida oso narratsa izan zen jokatzeko; hasieratik ez ziren jardunaldira behar bezala sartu, eta neurketa osoan zehar ez zuten baloiaren jabetza garbirik lortu. Hala ere, Ostadarrek ez zuen joko garbirik egin, eta ez zuten aukera garbirik sortu. Ez zen neurketarik onena izan Lagun Onakentzako; izan ere, hiru lesio izan zituzten neurketan. Horien artean, Julene Elustondok agur esan dio denboraldiari eskumuturra hautsi ostean.

Eguneko berri pozgarri bakarra partidaren amaieran etorri zen: 90. minutuan korner baten ondoren, Joane Kortak gola sartu zuen, eta hiru puntu poltsikoratu zituen Lagun Onakek.

Une honetan, 46 punturekin, sailkapeneko zazpigarren postuan da Lagun Onak.

Gizonak burumakur

Espainiako Hirugarren Mailako gizonek Garmendipe futbol zelaian jokatu dute jardunaldi honetako neurketa, Basauriko Baskoniaren aurka, eta ezin izan diote Bizkaiko taldeari irabazi; 0 eta 1 gailendu ziren liderrak larunbat arratsaldean.

Lehen zatian, Lagun Onak ondo aritu zen, bai baloiaren jabetzari dagokionez, bai defentsan. Dena den, defentsan izandako despiste baten ondorioz, Baskoniaren kapitainak, Albonigak, Iker Bastidaren atea gainditu zuen.

Bigarren zatian, Lagun Onakek pauso bat aurrera egin zuen, eta Baskonia deseroso sentitu zen zelaian. Jokalarietan egindako aldaketak tarteko, atakean indartsu ari zen Lagun Onak, eta korner batean, Aimar Leundak sartutako golari esker, partida berdindu zuen Lagun Onakek; dena den, epaileak baliogabetu egin zuen gola, atezainari falta egin ziola arrazoituta. Lagun Onaken arabera, bidegabea izan zen epailearen erabakia, eta hura ez zen batere ondo aritu neurketan.

Etxeko taldeak ondo jokatzen jarraitu zuen, eta partidako azken jokaldian, Jon Sanchezek ederki jarritako baloi bat Leundak orraztu zuen, baina zutoinera joan zen baloia. Pena bat izan zen Lagun Onakek liderrari partida ezin berdindu izana, batez ere, epailea Baskoniaren alde aritu zelako nabarmen.

Une honetan, 39 punturekin, sailkapeneko hamabigarren postuan da Lagun Onak. Ostegun goizean jokatuko dute hurrengo neurketa, Gasteizko San Ignacio taldearen aurka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide