Aste Santuko oporrak tarteko, 5 urtetik 18 urtera arteko herritarrentzat ekintza bereziak egiten ari dira egunotan, udalak antolatuta. Hain zuzen ere, gaur hasi dituzte jarduera horiek herriko haurrek eta nerabeek, eta asteazkenera arte iraungo dute. Guztira, 300 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute.
Gaur, 10:00etan, Betharrameko jolastokian elkartu dira 5 eta 12 urte arteko gaztetxoak, ondoren talde jolasak egiteko. 12 eta 18 urte artekoak, berriz, Bizkaiko Hontza Xtrem abentura parkera joan dira, 09:30ean aterata. Aurten ere, partaidetza handia izango dute Aste Santuko jarduerek. 5 eta 12 urte artekoen eskaintzan, 265 umek eman dute izena. Urrestillan ere antolatu dituzte etapa horretarako ekintzak, eta han ere hamasei umek eman dute izena.
Bihar, elkarrekin egingo dute ibilaldia: HH 5 eta LH 2 artekoek Basondora eta LH 3 eta LH 4koek Arrikrutz kobara. Nerabeei dagokienez, 28 lagun joan dira gaur Hontza Xtremera, eta bihar eta etziko ping-pong lehiaketan eta mendi irteeran ere dozenatik gora lagunek eman dute izena.