Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren laugarren aldia egingo dute aurten, maiatzean zehar. Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak eta udalak antolatu ohi dute, eta dagoeneko jakinarazi dute egitaraua. Hain zuzen ere, maiatzeko lau larunbatetan izango dira zuzeneko emanaldiak, eta horien ostean ebatziko du epaimahaiak bere erabakia.
Maiatzaren 3an hasiko da lehiaketa. 19:00etan, Zutik elektrotxaranga ariko da zuzenean Alde Zaharreko kaleetan, eta haren ostean, 20:30ean, Elektrotxufla. Maiatzaren 10ean, berriz, emanaldi bakarra izango da: 3indarrok elektrotxarangaren txanda izango da; 20:30ean eskainiko du emanaldia. Maiatzaren 17an, bi talde ariko dira berriro: 19:00etan, Elektrotxorongo, eta 20:30ean, Elektrokela. Azkenik, maiatzaren 24an, Patxangoi ariko da 19:00etan, eta Xaukena 20:30ean.
Guztira, beraz, zazpi elektrotxaranga entzuteko aukera izango da Azpeitian maiatzean zehar. Horiek herriko kaleetan barrena eskainiko dituzte musika doinuak, eta herritar guztiek izango dute zuzenean entzuteko aukera. Guztien emanaldiak baloratuko ditu epaimahaiak, eta batek bakarrik jantziko du lehiaketaren laugarren edizioko txapela.
Iaz, lehenengo edizioan bezala, Elektrotxufla taldea gailendu zen lehiaketan.