Beste hiru puntu eskuratu ditu Lagun Onakek Gasteizen

Ane Olaizola 2025ko api. 18a, 11:15

Lagun Onakeko gizonen talde nagusia, atzo, gola ospatzen. (Lagun Onak)

Espainiako Hirugarren Mailako gizonek ligako 31. jardunaldia jokatu zuten atzo Gasteizko San Ignacio taldearen aurka, eta indar erakustaldia eskaini zuen Lagun Onakek, 0-5 eginda. 

Lagun Onak futbol taldeko Espainiako Hirugarren Mailako gizonek ligako 31. jardunaldia jokatu zuten atzo Gasteizko San Ignacio taldearen aurka. Azpeitiarrek arerioaren etxean jokatu izanagatik neurketa, garaipen argia lortu zuten, 0-5 eginda.

Hasieratik nagusitasunez jokatu zuen Lagun Onakek, eta partidaren 11. minuturako markagailua 0-2 jarri zuten, Aimar Leundaren eta Jagoba Erdoziaren golei esker. Bigarren zatia lasaiago hasi zuen taldeak, baina hala ere, beste bi gol sartu zituen Azpeitikoak, Alex Letamendiak eta Erdoziak beste gol bana eginda. Kontrara, etxekoak galduta ibili ziren joko zelaian, eta azpeitiarrek unea aprobetxatu zuten. Finean, denboraldiko partidarik garrantzitsuena jokatu zuen atzo Lagun Onakek, indar erakustaldia eskaini baitzuen gasteizarren zelaian.

Beste hiru puntu batuta, sailkapeneko 10. postuan da gaur-gaurkoz Lagun Onak, 42 punturekin. Hurrengo jardunaldia etxean jokatuko du taldeak, Pasaiaren aurka; gipuzkoarren arteko derbia izango da, beraz, apirilaren 26ko asteburuan.

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak, berriz, atseden hartuko du aste honetan eta hurrengoan, eta maiatzaren 3ko asteburuan jokatuko du ligako hurrengo jardunaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide