Lagunekin topa egiteko prest dira Potx eta Lotx

Ane Olaizola 2025ko api. 19a, 08:23

Potx eta Lotx pailazoen 'Lagunekin topa!' ikuskizuna. (Potx eta Lotx)

Hilaren 27an, igandez, Lagunekin topa! ikuskizuna taularatuko dute bi pailazoek Soreasu antzokian. Pailazoen bosgarren lana "bizitza bera ospatzeko aitzakia" dela azpimarratu du taldeak.

Potx eta Lotx pailazoek oholtzen gaineko bosgarren denboraldia hasi dute, eta Euskal Herriko hainbat txokotan egiten ari diren moduan, Azpeitian ere Lagunekin topa! izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute. Apirilaren 27an, igandez, izango da emanaldia Soreasu antzokian, 17:00etan hasita, eta sarrerak salgai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean, bederatzi eurotan.

Aurtengoa pailazoen bosgarren lana izanik, oholtza gaineko ibilbidea ospatzeko aitzakia gisa dute bi lagunek denboraldi berria, eta igandean ikusiko den antzezalanak ere ospakizun hori izango du oinarri, pailazoek esan dutenek; hain zuzen, Xabi Sound eta Izaskunek festa erraldoi bat prestatu diete pailazoei sekretuan, baina horiek, urduri, behar baino lehenago iritsi dira festara. Xabi Sound eta Izaskunek, denbora irabazi nahian, orain arteko ibilbidean
ezagututako lagunak deituko dituzte pailazoak entretenitzeko asmoz; Rikardo Anakardo
barrakeroa edota Susi azafata esaterako.

Ohiko modura, Josu Zubia (Potx) eta Itziarren Arkauzekin (Lotx) batera, Danel Teran eta Ander Murillo aktoreek ere parte hartuko dute ikuskizunean. Teranek Izaskunen rola jokatzen du, eta haren esanetan, bizitza bera ospatzeko aitzakia ere bada antzezlana:  “Gurpil ero antzerako batean bizi gara askotan eta batzuetan ondo dago hortik irten, inguruan duguna ikusi, egindako ibilibidea errepasatu, estimatu eta hori elkarrekin ospatzeko tartea hartzea: elkarrekin topa egitea. Garrantzitsua da gure bizitzan inguratzen gaituen sarea zaindu eta ondo maitatzea. Horren isla ere izango da antzezlan hau".

Arkauzek, berriz, azaldu du, hasieratik orain arte beraien ibilbidea jarraitu duten guztiekin
pentsatuta sortu dutela ikuskizuna: “Beraientzako opari moduko bat ere bada lan hau,
hasiera-hasieratik gurekin egoteagatik, inork ezagutzen ez gintuenean ere. Noski, beti da
plazera ikuslego berria jasotzea eta pozarren hartuko ditugu horiek ere denboraldi berri honetan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide