Txirrindulari urrestildar bat hil da Calpen, autoak harrapatuta

Ane Olaizola 2025ko api. 20a, 19:02

Auto batek bi txirrindulari aita-seme harrapatu ditu gaur goizean Herrialde Katalanetan, eta ondorioz, lekuan bertan hil da aita; 14 urteko semea, berriz, ospitaleratu egin dute, femurra hautsita.

Auto batek bi txirrindulari aita-seme harrapatu ditu gaur goizean Alacanteko Calpe udalerrian (Herrialde Katalanak), eta Gukak jakin duenez, urrestildarrak dira istripua jasan dutenak. Aita hil egin da, eta haren 14 urteko semeak izterrezurra hautsi du, eta ospitaleratu egin dute ondorioz. Hainbat mediok jakinarazi dutenez, harrapatutako bi txirrindulariak hogei bat laguneko taldean zihoazen bizikletan. Guardia Zibilak, berriz, autoan zihoan 20 urteko gidaria atxilotu du, hiru delitu egotzita: homizidioa, lesioak eta bide segurtasunaren aurkako delitua.

N-332 errepidean gertatu da ezbeharra 11:30 aldean, Calpe eta Altea arteko Mascarat zubibidean. Larrialdietako Informazio eta Koordinazio Zentroak (IKZ) hainbat anbulantzia bideratu ditu istripuaren lekura, eta medikuek lekuan bertan baieztatu dute txirrindulariaren heriotza. 20 urteko beste gazte bat ere artatu dute antsietate krisia zuelako, baina alta jaso du gero.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide