Eivissako Sant Antoni izango da Iraurgiren lehen aurkaria Bigarren FEBeko igoera fasean

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 21a, 09:57

Biele ISB-Zornotza Bigarren FEBeko derbiaren une bat. (Mikel Amenabar)

Liga erregularreko azken partida galdu du Biele ISBk Zornotzaren kontra (63-64), etxean; datorren asteburuan ere etxean ariko da, play-off-etako final zortzinerenetako joanekoan. Domusa Teknik ISBk, berriz, luzapenean menderatu du Barakaldo (64-70).

Eivissako (Herrialde Katalanak) Sant Antoni izango da Biele ISBren aurkaria saskibaloiko Espainiako Bigarren FEB ligako igoerako play-off-etako final zortzirenetan. Ordutegia zehazteke, datorren asteburuan ekingo diote igoera faseari Iñaki Merinoren gizonek, etxean.

Etxean agurtu du, hain zuzen, ligaren fase erregularra Iraurgiren gizonen talde nagusiak, eta nahi zuen garaipenik gabe. Herenegun, mailako euskal derbi ezin estuagoan, 63-64 gailendu zitzaion maila galdua zuen Zornotza Azpeiti-Azkoitiko taldeari. Lehen laurdenean tartetxoa ireki zuen Iraurgik markagailuan (16-7), baina justu-justu eutsi ahal izan zion abantailari atsedenaldira joan aurretik, 20-28 partzialarekin, puntu bakarrera jarri zitzaion-eta Bizkaiko taldea (36-35). Bigarren zatian erasoan antzu samar baina pare-parean ibili ziren bi taldeak: 11-11 berdindu zuten hirugarren laurdena, eta azken partzial erabakigarrian, goitik bukatu zuten bisitariek (16-18), garaipena poltsikoratuz.

Emaitza horrekin, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan du Biele ISBk Bigarren FEB ligaren Mendebaldeko multzoan, igoerako fasea jokatzeko aukera ematen duen azken tokian, alegia. Horrenbestez, Ekialdeko multzoko bigarren sailkatuaren kontra jokatzea tokatzen zaio Iraurgiri, eta Sant Antoni da talde hori.

Garaipena luzapenean

Gizonek bezala, Iraurgiren emakumeek ere euskal derbia jokatu dute asteburuan. Gizonak ez bezala, etxetik kanpo aritu da Domusa Teknik ISB, Barakaldoren kantxan; gizonak bezala, sailkapenaren atzeko zuloan dabilen talde baten kontra. Bigarren FEBekoa bezala, estua izan da Espainiako LF Challenge ligako euskal derbia; baina Biele ISB ez bezala, nagusi izan dira Iraurgiren emakumeak (64-70).

LF Challengeko fase erregularraren azkenaurreko jardunaldiko partida emozioz betetakoa izan zen Luis Agirre Katxi-ren taldearentzat. Neurketa oso borrokatu eta parekatuaren ondoren (15-19, 14-14, 15-13 eta 13-11 izan ziren partzialak), azken laurdenaren azken hatsean Leaupeperen hiruko bati esker lortu zuen berdinketa (57-57) Domusa Teknik ISBk. Poltsikotik ihes egindako garaipenaren zamak ez zion onik egin etxeko taldeari; aldiz, hegoak eman zizkion azken orduko berdinketak Iraurgiri, eta luzapenean nagusi izan zen (7-13).

Zapatuan, apirilaren 26an, 19:00etan eta Azkoitiko kiroldegian jokatuko du Domusa Teknik ISBk liga erregularreko azken jardunaldiko partida, Barçaren kontra. Sailkapeneko zazpigarren postuan finkatuta eta igoerako fasea jokatzeko txartelaren jabe dela agurtuko dute fase erregularra Iraurgiren emakumeek, play-off-etan buru-belarri murgildu aurretik; Mallorca, Mijas edo Zamora izan daitezke Azkoiti-Azpeitikoen aurkariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide