Euskal Duatloiaren kanporaketa maiatzaren 24an jokatuko dute zezen plazan

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 27a, 09:01

Ugaitz Mugertza txapelarekin, finalistak eta babesleak, III. Euskal Duatloiaren sari banaketa ekitaldian. (Ibon Errazu)

22 kirolari lehiatuko dira lehen saio horretan, ekainaren 8an jokatuko duten finalerako txartelen bila.

Euskal pentatlo txapelketarik ez dute egingo aurten, baina duatloi txapelketa bai. Ekainaren 8an jokatuko dute finala, baina kanporaketa saioa egingo dute aurrena, maiatzaren 24an, eta biak Azpeitiko zezen plazan izango dira.

Maiatzaren 24an, 22 kirolari lehiatuko dira zezen plazan IV. Euskal Duatloiaren kanporaketan, final nagusirako txartelen bila eta, era berean, bigarren mailako txapela jokoan dutela. Hauek dira kanporaketarako izena eman duten kirolariak: Jon Zaldua, Aitor Saralegi, Manu Fraile, Aritz Oregi, Eneko Larrion, Yulen Aranberri, Emilio Garcia, Urtzi Olasagasti, Eneko Saralegi, Ander Altuna, Beñat Leku, Dani Lopez, Dani Vicente, Eloy Corchero, David Naredo, Iban Resano, Ibon Garaiburu, Iosu Santamaria, Jokin Urretabizkaia, Joseba Otaegi, Julen Alberdi eta Xuban Kañamares.

Lanean aldaketak

Berrikuntzak izango ditu IV. Euskal Duatloiak, eta horien artean aipagarriena da kirolariek osatu beharreko lanean sartu dutena: 45 ontzako enbor bat etzanda eta neurri bereko beste enbor bat zutik ebaki ondoren, 500 metro egingo dituzte korrika kirolariek, eta lan hori birritan osatu beharko dute. Orain arte, aizkora-korrika-aizkora formula erabili izan dute, txanda bakarrean.

Maiatzaren 24an 18:00etan hasita jokatuko dute zezen plazan IV. Euskal Duatloiaren kanporaketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide