Intza Lizarazuk omenaldi beroa jaso du, kantxak utziko dituela iragarrita

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 27a, 16:56

Domusa Teknik ISBk 68-61 irabazi zion Barçari LF Challenge ligaren fase erregukarreko azken partidan eta Zamora izango du aurkari igoerako play-off-etan. Kapitain azkoitiarrak denboraldia amaitzearekin esango dio agur jokalari ibilbideari.

Ia bizi osoa Iraurgi Saskibaloian eta azken hamar urteak goi mailan egin ondoren, 2024-2025 denboraldiaren amaierarekin esango die agur Intza Lizarazuk (Azkoitia, 1991) saskibaloi kantxei. Atzo, Domusa Teknik ISBk Espainiako LF Challenge ligaren fase erregularreko azken partida jokatu eta irabazi zuen Azkoitiko kiroldegian –68-61 menderatu zuen Barça–, eta bukaeran, omenaldi beroa eskaini zioten Lizarazuri klubak, taldekideek, lagunek eta harmailak bete zituzten zaleek.

Hainbat oroigarri jaso zituen Domusa Teknik ISBren kapitainak, bertsoak kantatu zizkioten, ohorezko aurreskua dantzatu ere bai, eta airean erabili zuten taldekideek, kiroldegian elkartutako guztien esker ona eta miresmena adierazteko.

Zamora, 'play-off'-etan

Bederatzi puntu saskiratu eta lau errebote bereganatu zituen atzo Lizarazuk kantxan aritu zen 21.36 minutuetan, baina atzokoa ez zen izan Azkoitikoaren azken partida.

Izan ere, LF Challenge ligaren fase erregularra zazpigarren tokian bukatu ondoren, Espainiako Emaku¡meen Liga nagusira igotzeko play-off-ak jokatuko ditu orain Iraurgik. Hain zuzen ere, atzoko azken jardunaldian ezagutu zuten aurkari izango duten taldearen izena: Zamorako Recoletas. Laugarren sailkatu dira Zamorakoak ligan, eta horrenbestez, joaneko partida datorren asteburuan jokatuko dute, Azkoitian.

 

(Argazkiak: Unai Murillo)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide