Iraurgi Saskibaloi taldeak bi hitzordu garrantzitsu izan ditu joan berri den asteburuan. Larunbatean, emakumeen Domusa Teknik ISBk 68-61 irabazi zion Azkoitian Barçari LF Challenge ligaren fase erregukarreko azken partidan, eta Zamora izango du aurkari igoerako play-offetan. Gainera, Intza Lizarazuk omenaldi beroa jaso zuen etxean, kantxak utziko dituela iragarrita. Ia bizi osoa Iraurgi Saskibaloian eta azken hamar urteak goi mailan egin ondoren, 2024-2025 denboraldiaren amaierarekin esango die agur saskibaloi kantxei Lizarazuk.
Bestelako sentipenak bizi zituzten atzo, igandez, Azpeitiko kiroldegian. Gizonen talde nagusiak, Biele ISBk, Lehen Mailara igotzeko play off-etako lehen partida jokatu zuen Class Basquet Sant Antoniren aurka, eta etxekoek ezin izan zuten aurkaria mendean hartu. Balearretako taldea nagusi izan zen ia partida osoan zehar, eta markagailua 60-81 utzita amaitu zuten kanporaketako joaneko partida. Sant Antonik bigarren postuan amaitu du Ekialdeko Multzoko fase erregularra, eta igoera lortzeko faboritoetako bat da. Horrenbestez, igoera fasea zaildu zaio Urolako taldeari.
Kanporaketako itzulikoa maiatzaren 3an, larunbatez, jokatuko dute Sant Antoniren Sa Pedrera pabiloian, eta ISBkoek aurrera egiteko 22 puntuko aldearekin irabazi beharko lukete.