Ezbehar larririk ez, baina ziurgabetasuna eragin du argindar itzalaldiak Azpeitian

Erredakzioa 2025ko api. 28a, 15:35

Azpeitiko Udaltzaingoak azaldu duenez, suhiltzaileek eta udaltzainek sei esku hartze egin dituzte igogailuetan harrapatuta gelditu diren pertsonak erreskatatzeko. Horrez gain, 12:30etik aurrera 190 dei inguru jaso dituzte Udaltzaingoan, gehienak informazioa jasotzeko egindakoak. Udal Zerbitzuetan, berriz, ez du aparteko ondoriorik eragin argindar faltak. Anbulatorioan zenbait txanda atzeratu dituzte datozen egunetarako.

Ordubete inguruz argindarra joanda egon da, besteak beste, Iberiar Penintsula guztian, oraindik guztiz baieztatu ez dituzten arrazoiak tarteko. Horrek, eraginak izan ditu herritarren eguneroko bizitzan, baina Gukak jakin ahal izan duenez, ez da ezbehar larririk jazo Azpeitian. Eskualdeko zenbait herritan, tartean Azkoitian, argindar gabe daude oraindik (15:45) leku eta zerbitzu batzuk. 

Azpeitiko Udaltzaingoak jakitera eman duenez, suhiltzaileek eta udaltzainek sei eskuhartze egin dituzte igogailuetan harrapatuta gelditu diren pertsonak erreskatatzeko nahiz eta ez duten ziurtatu gehiago egon al diren. Horrez gain, adierazi dute 12:30etik aurrera -orduan joan da argindarra- 190 dei inguru jaso dituztela Udaltzaingoan, dei gehienak informazioa jasotzeko egindakoak. Udal Zerbitzuetan, berriz, ez du aparteko ondoriorik eragin argindar faltak. 

Azpeitiko anbulatorioan eragin du itzalaldiak, baina ez dituzte ondorio zehatzak jakinarazi. Dena den, Gukak jakin du gaur eguerdi parterako programatuta zituzten txandak datozen egunetara atzeratu dituztela. 

Errepidean, sefamoroak itzaldu diren arren, ez da ezbeharrik gertatu. Komertzioek, tailerrek eta bestelako zerbitzuek behartutako geldialdia egin behar izan dute ordubete inguruz, baina argindarra itzuli ahala, normaltasuna itzuli da herrira.

Espainiako Gobernuak Nazioaren Segurtasunerako Kontseilua deitu du argindar etetearen arrazoiak eta ondorioak aztertzeko. Euskal Herriko hornidura elektrikoa eteteak eragin duen itzalaldiaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak krisi mahaia eratu du, eta Babes Zibileko Planaren alerta fasea martxan jarri. 

REE Red Electrica Españolaren arabera, sei eta hamar ordu bitarteko epea beharko dute oraindik normaltasuna berreskuratzeko. Europako Batasuneko Zibersegurtasunaren Agentziaren lehenbiziko ikerketek "arazo tekniko" batekin lotu dute gertatutakoa, baina oraindik ez dute baieztapenik eman. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide