Pasaiaren kontrako lehia galdu egin du Lagun Onakek

Aitziber Arzallus 2025ko api. 28a, 16:22

Lagun Onaken eta Pasaiaren arteko partida larunbat arratsaldean, Garmendipen. (Lagun Onak)

Jose Luis Riberak zuzentzen duen taldea ez da gai izan mailari eusteko borrokan ari den Pasaia garaitzeko. 

Espainiako Hirugarren Mailako ligako 32. jardunaldiari zegokion partida jokatu zuten Lagun Onakeko gizonek zapatu arratsaldean, Garmendipen. Jose Luis Riberak zuzentzen duen taldeak Pasaia izan zuen arerio, mailari eustea jokatzen ari den talde bat, eta lehen minututik garbi utzi zuten hori. Hiru puntuen beharrak bultzatuta, garaipen gosez zelairatu ziren bisitariak, eta orduerdia pasatzerako markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. Hain zuzen ere, 27. minutuan sartu zuten aurreneko gola, korner baten ondotik. Handik gutxira banakoa sartzeko aukera polita izan zuen Lagun Onakek, penalti batean, baina Jagoba Erdoziak ez zuen baloia sareratzen asmatu. Atsedenaldira iritsi bitartean gogotik saiatu ziren etxekoak, eta 42. minutuan, Unax Odriozolak berdinketaren gola sartu zuten.

Bigarren zatia hasi eta berehala jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen Azpeitiko taldea, Zeberiok bigarren txartel horia jasota. Ia bigarren zati guztia hamar jokalarirekin igaro zuen taldeak, eta huts egite batean Pasaiak bigarren gola egitea lortu zuen, markagailuan aurretik jarriz. Horrela, 1-2 iritsi ziren partidaren bukaerara, eta Pasaiak eraman zituen hiru puntuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide