Sanjuandegiko Umeen Eguna maiatzaren 24an egingo dute

Nerea Uranga 2025ko api. 29a, 09:09

Sanjuandegiko 2023ko Umeen Eguna.

Sanjuandegiko jaietako umeen festan izena emateko aukera maiatzaren 9an eta 10ean jarriko du Xanjuandegi Auzolanean festa batzordeak, auzo lokalean.

Gerturatzen ari dira Sanjuandegiko festak, horrenbestez Xanjuandegi Auzolanean taldea jaietarako dena prestatzen ari da. Iragarri du Umeen Eguna maiatzaren 24an izango dela, eta egun horretarako jolasak, haurren auzo bazkaria etamagia ikuskizuna antolatu dituztela. Parte hartzeko izen ematea noiz eta nola izango den ere azaldu du.

Egun horretako ekintzetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, eta horretarako bi egun ipini ditu auzoko festa batzordeak: maiatzaren 9an, ostiralean, 17:00etatik 20:00etara eta maiatzaren 10ean, larunbatean, 10:00etatik 13:00etara; bi kasuetan Sanjuandegiko auzo lokalean. Izena emateko "egunak eta ordutegiak errespetatzeko" eskatu du Xanjuandegi Auzolanean taldeak, eta salbuespenik ez dutela egingo ohartarazi du. Umeen Egunean parte hartzeko sei euro ordaindu behar dira kamisetarik gabe eta zortzi euro kamisetarekin.

Umeen Egunean 12:45ean elkartuko dira Jose Antonio Agirre plazan, eta taldetan banatuta jolasak egingo dituzte. Taldeak "ausaz" egindakoak izango direla aurreratu du XJk. Jolasean ibili ondoren, auzo bazkaria egingo dute eta 15:30erako haurrak gurasoek jaso beharko dituzte. Beraz, ordu horretatik aurrera haurrak "gurasoen ardurapean" egongo direla zehaztu du Sanjuandegiko festa batzordeak. 16:15ean Iagomagoren ikuskizunarekin gozatzeko aukera egongo da Sanjuandegin.

Egitaraua:

  • 12:45. Jose Antonio Agirre plazan elkartu eta jolasak.
  • 14:30. Auzo bazkaria.
  • 15:30. Gurasoek umeak jaso beharko dituzte.
  • 16:15. Iagomagoren magia ikuskizuna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide