Jairo Deremacheren eta Olaia Inziarteren doinuak nahiz Potx eta Lotxen umorea, asteburuko gozagarri

Maialen Etxaniz 2025ko api. 29a, 15:00

Ostiralean Jairo Deremachen musikariak eskaini zuen kontzertua Sanagustinen. Larunbatean, Olaia Inziartek hartu zion lekukoa. Igandean, berriz, Potx eta Lotx pailazoak eta haien lagunak Soreasuko oholtzara igo ziren, Lagunekin topa! ikuskizuna estreinatu eta ikusleen artean algarak eragiteko. 

Joan zen asteburuan ere izan zen zer ikusia eta zertaz gozatua Azpeitian. Kulturaz kooperatibak antolatuta, musika eta umorea izan ziren asteburuko gozagarri.

Ostiralean, Jairo Deremachen emanaldia izan zen Sanagustin kulturgunean. Flamenko-pop doinuak eskaini zituen Albaceteko (Espainia) abeslari eta gitarristak Azpeitiko kulturgunean, Niño de Elche eta Raul Perez de la Minarekin ekoitzi duen Casa Remache diskoa aurkeztuz. Larunbatean, aldiz, Olaia Inziarte musikariak Zerrautsa diskoa aurkezteko egiten ari den biraren barruan eskaini zuen zuzenekoa Sanagustinen, eta jende ugari bertaratu zen Inziarteren doinu goxoak entzutera. 

Igandean haurrek izan zuten aisialdi kulturalaz gozatzeko parada. Potx eta Lotx pailazoek Lagunekin topa! ikuskizuna estreinatu zuten Soreasu antzokian, eta gogotik gozatu zuten bertaratu ziren umeek eta gurasoek. 

(Argazkiak: Kulturaz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide