Naziogintza taldeak antolatutako Abertzaleak zikloaren azken hitzordua hartu zuen atzo Basazabal jauregiak. Euskal abertzaletasunaren historian esanguratsuak izan diren bost gizonen soslaiak eta ekarpenak jorratu dituzte hitzaldi banatan eta beste horrenbeste hilabetetan: Aita Larramendiren gaineko hitzaldia eman zuen Edurne Alegriak abenduan, Sabin Aranari buruzkoa Xabier Irujok, urtarrilean; otsailean, Eli Gallastegi Gudariren gainean solastu zen Nerea Azurmendi; Paku Sudupek Telesforo Monzoni buruz hitz egin zuen martxoan; eta atzo, zikloa ixteko, Karmelo Landak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren bizitzaren gaineko hitzaldia eskaini zuen.
Zikloaren aurreko saio gehientsuenek bezala, ikusmina pìztu zuten Landak Txillardegitaz kontatzeko zituenek, eta ikus-entzulez bete zen Basabaleko aretoa. Hain zuzen ere, eskertuta hitz egin dute antolatzaileek zikloaren amaieran, izan duen harrerarekin gustura. Naziogintza taldeak eskerrak eman dizkie "azpeitiarrei, gure hitzaldi ziklo honi eman dioten harrera onagatik", eta Azpeitiko Udalaren Kultura sailari ere bai, "zikloa antolatzeko eman duen laguntzagatik".