Zumaiako Auxiko langileek Sarralleren egoitza nagusira eraman dute protesta

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 30a, 15:02

Auxiko grebalariak Sarralleren bulegoen sarrera aurrean, gaur eguerdian. (Mailo Oiarzabal)

Grebari ekin diote gaur, eta goizean Zumaian ibili ondoren, eguerdian Azpeitira jo du dozena bat beharginek. Auxiko hamalau langileetatik hamar kaleratzeko asmoa du Sarralle taldeak; Zumaian dituen hiru lantegietan 24, guztira.

Zumaian dituen hiru lantegietan 24 langile kaleratzeko prozesua hasi zuen apiril hasieran Sarralle taldeak. Enpresa horietako bat Auxi mekanizatu tailerra; abian den lana erregulatzeko txostenak (LET) aurrera egiten badu, Auxiko hamalau langileetatik hamar kaleratuko dituzte. Herenegun egin zuten bilera langileen ordezkariek eta zuzendaritzak, baina akordiorik gabe bukatu zen, eta Auxiko langileek grebara jotzea erabaki dute.

Hain zuzen ere, gaur dute lehen greba eguna. Goizean Zumaian egin dituzte protestak, eta eguerdian dozena bat langile Azpeitian izan dira: 12:00etatik 13:00etara Sarralleren egoitza nagusiko atarian egon dira, txilibituak joz eta aldarrikapenak ozen zabalduz; eta ondoren Landetako biribilgunera eraman dute protesta, Auxi ERErik ez, Sarralle erantzule zioten ELAk sinatutako pankartekin.

Auxiko langileak Landetako biribilgunean. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide