Pentsiodunen HELaren alde sinatzeko azken aukera larunbatean izango da

Nerea Uranga 2025ko mai. 1a, 09:11

Azpeitiko pentsiodunen mugimendukoak sinadurak biltzen.

60 urtetik gorako pentsiodunei gutxieneko soldataren sarrerak bermatzeko helburuz eta Legebiltzarrean Herri Ekinaldi Legegilea bozkatzeko eskatzeko sinadurak biltzen ari dira Azpeitian ere jubilatuen eta pentsiodunen mugimenduko kideak. Larunbatean izango dute herritarrek sinadura emateko azken aukera anbulatorio aurrean eta herriko plazan jarriko dituzten mahaietan.

60 urtetik gorako pentsiodunei Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko diru sarrerak bermatzeko helburuz, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) lanean ari da pentsioak osatzeko sistema bat sortzeko. Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrean Herri Ekinaldi Legegile (HEL) bat eztabaidatzea eta bozkatzea lortu nahi dute, eta hori babesteko sinadura bilketa kanpaina hasi zuten urtarrilean, eta Azpeitian ere bilketa horrekin bat egin zuten Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Azpeitian 800 sinadura biltzeko helburua jarri zuten, baina hori gainditu eta 1.100 sinadurako kopurua gainditzea lortu dute.

Sinadura eman gabe duten herritarrak, larunbatean, maiatzaren 3an, horretarako jarriko dituzten bi mahaietako batera joatera deitu dituztet pentsiodunen mugimenduko kideek. Mahaiak anbulatorioaren aurrean eta herriko plazan jarriko dituzte 11:00etatik 13:00etara bitartean. Gogoratu dute 18 urtetik gorako edozein herritarrek egin dezakeela ekarpena. Sinadura emateko orduan, nortasun agiria eskatuko diete sinatzaileei bietan ere datuak berdin idatzita egon behar dutelako.

Ekimen horrek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskaera garrantzitsu bati erantzuten diola zehaztu dute, gainera; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa izatea, urteko hamalau saritan. Azpeitiko pentsiodunek azaldu dutenez, gutxieneko pentsioek pobrezia iraunarazten dute, eta beharrezkotzat jo dute gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema garatzea. Gainera, pentsiodunen diru sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %100arekin parekatzea nahi dute.

Gaur, Maiatzaren 1a dela eta, gaurko mobilizazioetan denentzat soldata eta pentsio duinak aldarrikatuko dutela nabarmendu dute Azpeitiko pentsiodunen mugimendukoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide