Uztailaren 12rako antolatu dute Baigera jubilatuen eta pentsionisten elkarteak eta Azpeitiko Udalak jubilatuen urteroko Xoxoteko igoera. Baigerak azaldu duenez, jendea mendira eramateko 4x4 auto dezente behar izaten dute, horretarako prest daudenei 688 62 89 63 edota 943-81 51 71 telefono zenbakietara deitzeko eskatu diete.
Xoxoteko igoera egunean, batetik bestera jende asko mugiarazi beharra izaten dute, eta horretarako auto dezente behar izaten dituzte. "Txofer multzo bat badaukagu, baina batzuk adinean aurrera dihoaz eta uzten ari dira. Hori horrela, Xoxotera jendea eramateko prest egongo litzatekeen jende berria behar dugu", azaldu dute Baigerakoek. 4x4 autoak behar dituzte, mendiko bideetan erraz ibiltzeko modukoak. Urtero bezala irteera 10:00etan izango dela aurreratu du Baigerak.