Mikel Labakak Alguacilekin batera utziko du Realaren lehen taldea sasoi honen amaieran

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 2a, 16:30

Mikel Labaka. (LaLiga)

Azpeitiarra Imanol Alguacil entrenatzailearen laguntzailea izan da sei urte eta erdian. Aurtengo liga txapelketa amaitzerakoan, biek utziko dute talde txuri-urdinaren lehen taldea.

Pasa den astean iragarri zuen Imanol Alguacil Realeko entrenatzaile oriotarrak denboraldia amaitu ostean ez zuela segituko talde txuri-urdina zuzentzen. Haren bidelaguna izan da Mikel Labaka (Azpeitia, 1980) azken sei urte eta erdian, eta laguntzaile teknikoak, Alguacilek bezala, Realaren lehen taldea uzteko erabakia hartu du.

Labaka Azpeitiko Lagun Onak taldean hasi zen futbolean jokatzen, eta handik Realaren B taldera jo zuen. Txuri-urdinen gizonezkoen bigarren taldean hiru denboraldi jokatu ostean, lehen taldera egin zuen jauzia Labakak. Azpeitiarrak 173 liga partida jokatu zituen Realaren lehen taldearekin 2004 eta 2011 urteen artean, eta hamar gol sartu zituen. 2011. urtean utzi zuen Reala Madrilgo Rayo Vallecano taldearekin fitxatzeko, eta handik bi urtera hartu zuen erretiroa.

2018tik hona Orioko entrenatzailearen alboko ezinbesteko pieza izan da Labaka Realaren lehen taldean. Emaitza onak eskuratu dituzte, gainera, ibilbide horretan. Besteak bestek, 2020. urteko Espainiako Errege Kopa irabazi zuen Realak 2021ean Sevillan (Espainia) eta Reala Europako txapelketetara sailkatu dute urtez urte, hala nola Txapeldunen Ligara eta Europa Ligara. Sasoi honen amaieran, Realaren lehen taldea utzi aurretik, lor dezakete seigarren urtez jarraian talde txuri-urdina Europako txapelketetara sailkatzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide