Udazkenean lur hartuko du Azpeitian 43. Euskal Antzerki Topaketak eta, ohitura denez, topaketak iragarriko dituen kartel ofiziala hautatzeko lehiaketa antolatu du udalak. Datorren astelehenean irekiko da lanak aurkezteko epea, eta hilaren 30era arte egongo da zabalik.
Lehiaketaren oinarriak jakitera eman ditu udalak: lanek 450mm x 680 mm-ko (zabalera bider altuera) neurria izan behar dute, eta luma-kartoian aurkeztu behar dira. Udaletxean kokatuta dagoen Kultura Sailean aurkeztu behar dira kartelak, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 14:30era bitartean.
Kolorea eta teknika libreak izango dira, baina aurkeztutako karteletan honako testu hau agertu behar da: "AZPEITIA 43. Euskal Antzerki Topaketak 2025eko udazkena.
Kartelak sinadurarik gabe aurkeztu behar dira eta, identifikatzeko, kartelaren atzealdean eta CDan lema bat idatzi behar da. Kartelarekin batera gutun itxi bat aurkeztu behar da, kanpoaldean lema idatzita duela. Gutun horren barruan adierazi beharko dituzte datuak parte hartu nahi dutenek: egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, e-posta helbidea, jaiotze data eta aitorpen sinatu bat, non egileak adieraziko duen aurkezten duen lana jatorrizkoa eta argitaratu gabea dela. Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere.
Saria eta erakusketa
Hiru adituk osatutako epaimahai batek erabakiko du 2025eko kartel lehiaketaren irabazlea, betiere honako irizpideak kontuan hartuta: sormena, kalitate grafikoa nahiz plastikoa, deigarritasuna, eta erreproduzitzeko nahiz editatzeko erraztasuna. Ekaineko bigarren hamabostalditik aurrera jakinaraziko du irabazlea epaimahaiak, eta udalak 900 euroko saria emango dio garaileari.
Horren aurretik, udalak jendaurreko erakusketa egingo du aurkeztuko diren kartel guztiekin.