Pirritx, Porrotx eta Marimototsek omenaldi beroa jasoko dute bihar Barakaldoko BECen, Maite Zaitut jaialdiaren bitartez. Azpeitiko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, hark ere "maite zaitut" esan nahi izan die pailazoei, eta 2.000 eurorekin lagunduko du ekitaldia.
37 urteko ibilbidea dute bizkar gainean Pirritx, Porrotx eta Marimotosek, eta egin duten guztia eskertu nahi die herritar talde batek. Beraz, Maite Zaitut festan, pailazoak oholtzatik behera gozatuko dute ikuskisunaz eta, beraiekin batera, aurreikusten da 12.000 pertsona joango direla BECera. 17:00etan hasiko da omenaldia, eta bi ordu inguruko iraupena izango du.