Azpeitiak ekin dio Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari. Adunan jokatu zuten atzo arratsaldean eskuzko txapelketaren final hamaseirenetako joanekoa, eta itzulerarako emaitza erabat bideratuta utzi zuten Ilunpeko pilotariek; jokatutako hiru partidak irabazi zituzten.
Kadete mailako partidan, 9 eta 22 gailendu ziren Ilunpeko Arsuaga eta Mendizabal pilotariak. Gazte mailako partidan, berriz, 7 eta 22 irabazi zuen Sarasua eta Artetxe bikoteak. Nagusien mailako partida izan zen lehiatuena. Nolanahi ere, Ilunpeko Egiguren-Egiguren bikoteak 20 eta 22 irabazi zuen.
Datorren asteburuan jokatuko dituzte itzulerako partidak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, baina gauzak ondo bidean, ondo bideratuta dauka Ilunpek final zortzirenetarako sailkapena. Oraingoz, 66 tanto ditu poltsikoan Ilunpek, eta 36 Adunak. Kanporaketa gaindituz gero, Alegia edo Oñati izango du aurkari Azpeitiak; joanekoan Alegiakoak nagusitu ziren, 3 eta 0.