Iraurgi Saski Baloia klubaren gizon-emakumeak play-off-etan bete-betean murgilduta daude; hala jarraitzen dute, behinik behin, emakumeek. Atzo, zapatua, Recoletas Zamora taldearen aurka jokatu zuen Luis Agirre Katxik zuzentzen duen taldeak Azkoitiko Elkargunean, eta kanporaketa maldan gora jarri bazaie ere, bizirik eusten diote Zamorako taldearen aurkako demari. 59 eta 62 galdu zuten otsoek etxean. Gizonentzat, baina, amaitu da denboraldia. Atzo jokatu zuten final zortzirenetako itzulerako partida, eta Azpeitian bezala, Class Basquet Sant Antonik irabazi zuen lehia (83-74)
Azken sei partidatako bolada ona moztu zuen atzo arratsaldean emakumeen Domusa Teknik ISB taldeak, baina lauko finalera sailkatzeko aukerei bizirik eusten diete haiek oraindik. Datorren zapatuan, hilak 10, jokatuko dute Zamoran (Espainia) itzulerako partida, eta orduan aurka duten hiru puntuko errenta irauli beharko du Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Erronka zaila da, baina, ez ezinezkoa.
Demari sendo eutsi nahi izan zion ISBk atzo; kontzentratuta kantxaratu ziren otsoak, eta une oro jakin zuten jokoari zentzua ematen. Markagailuak, baina, gora behera handiak erakutsi zituen zenbait zatitan; une batez ISB aurretik izan zen, baina, baita atzetik ere. Azkenean, laurdenaren amaieran hiru puntuko abantaila eskuratu zuten Agirrerenek.
Bigarren laurdenaren hasieran ISBk alde zuen errentari eusten asmatu zuen. Dena den, sei puntura ere urrundu ziren etxekoak; izan ere, Zamorako Recoletasek dezenteko arazoak izan zituen erasoan, eta beraien saskia defendatzeko ere nahikoa arazo izan zituzten. ISBk, ordea, ez zuen bisitarien zalantzazko une hori baliatzen jakin, eta laster itzuli zen Recoletas bere onera. Partida berdindu ez ezik, irauli ere egin zuten bisitariek Azkoitian. Nolanahi ere, atsedenaldian 33 puntutan berdinduta hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeetako jokalariek.
Atsedenaldiaren osteko aurreneko minutuetan bisitariek zirt edo zart egin nahi izan zuten, eta neurri batean, lortu ere lortu zuten. Partidako minuturik onenak hirugarren laurdenaren hasieran jokatu zituen Zamorako taldeak, eta sei puntura ere alde egin zuten tarte batez. ISBk ere asmatu zuen, ordea, eta aurkariari ez zion utzi kanporaketa Azkoitian erabakitzen. Puntu gutxiko laurdena izan zen hirugarrena, eta lehia azken laurdenean erabakitzekotan utzi zuten (44-47).
ISBren jokoak behera egin zuen azken laurdenaren hasieran zertxobait, eta Zamorakoek berriro sei puntura ihes egin zuten (44-51). Dena den Agirrerenek ez zuten erraz etsi. Norgehiagoka amaitzeko minutu bat eta hemeretzi segundo eskas falta zirenean, Juana Molinak –etxekoen jokalari onena izan zen atzo– partida berdintzea lortu zuen (59-59), baina ISBrentzat orduan amaitu zen partida. Gero, bisitariek jaurtiketa libreen lerrotik puntuak pilatu zituzten, eta azken segundoetan errentari eusten asmatu zuten.
Lehiaren amaieran, Intza Lizarazuk bezala sasoiaren amaieran saskibaloia utziko duen Juana Molina omendu zuten taldekideek, ingurukoek eta klubak. Etxean estropezu eginagatik ere, kanporaketari bizirik eutsi zion ISBren emakumeen taldeak. Zamoran erabakiko da dena, otsoek atzoko markagailuari buelta emateko erronka baitute. Hiru puntuko aldea mendate gogorra da, kontuan hartuta partida Zamoran jokatuko dela kontuan hartuta, baina Agirreren taldeak erakutsi du edozertarako gai dela, eta kanporaketa gainditzeko faboritoa kalean uzten saiatuko dira datorren zapatuan, Zamorako Angel Nieto pabilioian, 19:30ean hasita.
Gizonek, agur sasoiari
Ezin dezakete gauza bera esan ISBko gizonek. Atzo jokatu zuten final zortzirenetako liga kanporaketaren azken partida, eta Aizpitarteren erakustaldia ez zen nahikoa izan, Biele ISB play-off-etik kanpo geratu da eta. Joanekoan bezala, Sant Antoni de Portmanyko (Balearrak, Herrialde Katalanak) Class Basquet Sant Antoni ISB baino gehiago izan zen kantxan, eta 83-74 irabazi zuen etxeko taldeak. Hala, haiek lortu dute final laurdenetara sailkatzea.
Otsoek guztia eman zuten atzo arratsaldean Sa Pedrera pabiloian, baina joaneko partidan jasotako kolpea handia izan zen –21 puntugatik galdu zuen ISBk joan den astean Azpeitian– eta atzo ezin izan zion inondik inora ere kanporaketari buelta eman. Aizpitarteren ikuskizuna bikaina izan zen, baina ez nahikoa; 26 puntu saskiratu eta bi asistentzia eman zituen hark hogei puntuko balorazioa eskuratzeko.
Lehen laurdena lehiatua izan zen. Otsoak oldartsu kantxaratu ziren eta markagailuan aurretik ere izan ziren tarte batez. Hamar minuturen ostean, 14-16koa zen markagailua, ISBren alde. Ordea, Sant Antoni pixkanaka bere jokoa ezartzen hasi zen kantxan; baloiaren zirkulazioa hobetuz eta saskipeko jokoan nagusituz, aurrenekoz aurretik jarri ziren etxekoak (35-28). Gainera, atsedenaldira ere bost puntuko aldearekin heldu ziren (38-33).
Hirugarren laurdenean, etxekoek behin betiko kolpea eman zuten, hamahiru puntuko aldea ezarriz (57-44). Nahiz eta Aizpitartek zenbait hiruko ikusgarrirekin bere taldeari arnasa ematen jarraitu, Sant Antonik sendotasun handia erakutsi zuen. Azken laurdena jokatzeko zela, zazpi puntura zuen atzo ISBk aurkaria, eta joanekoa kontuan hartuta, 28 puntura. Hori hala, ordurako galduta zituen ISBk kanporaketa gainditzeko aukera guztiak. Azken hamar minutuetan hamabost puntura urrundu ziren, baina otsoek azken indarrak atera zituzten aldea murrizteko, eta neurri batean lortu zuten. Iñaki Merinoren taldeak irudi bikaina utzi zuen atzo, borrokalari eta duin aritu ziren, baina play-off-aren ametsa amaitu da haientzat.