Margolariek hartu dituzte gaur Azpeitiko kaleak; izan ere, Kale Pintura Lehiaketaren laugarren aldia egin dute, Arte eta Diseinu Ikastegiak (ADI), Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak antolatuta. Guztira, 24 helduk parte hartu dute ekitaldian, bost gaztetxok –12 eta 16 urte artean– eta haur batek –12 urtetik behera–. Helduen kategorian, Gasteizko Eduardo Alsasua izan da irabazlea, eta Kataluniako Julio Garcia sailkatu da bigarren. Bestalde, Ane Odriozolak eskuratu du herritar onenaren saria; Luken Larrañaga izan da gaztetxoen mailan onena, eta Sustrai Urbistondo, berriz, haurren kategoriako garailea.
Mikel San Juanek, Aitor Etxeberriak eta Leire Arenasek osatu dute pintura lehiaketaren epaimahaia. Haiek nabarmendu dutenez, Alsasuak Loiolako basilikako gune bat margotu du, baina teknikari eta argiaren erabilerari dagokionez, "maisutasun handiz" ondu du gaurko margolana. Horregatik, haren lanari eman diote gaurko sari nagusia; zehazki, 800 euroko saria jaso du hark. Bigarren saria eskuratu duen Garciak, berriz, 500 euro poltsikoratu ditu. Gainera, artelanik onena aurkeztu duen azpeitiarrak 300 euro jaso ditu. Epaimahiak azpimarratu du "maila oso ona" egon dela gaurko lehiaketan.
09:00etan hasi da lehiaketa, Betharrametako erakusketa aretoan, eta artelanak toki berean aurkeztu dituzte partaideek 13:00etatik 13:30era artean. Lanak kalean eta Azpeitiko lur eremuaren barnean egin behar izan dituzte margolariek, edozein teknika edo material erabilita. Epaimahaiak erabakia hartu bitartean, hamaiketakoa eskaini diete pintura lehiaketako partaideei, Sanagustin kulturgunean.
Erakusketa, bihartik
Lehen bi sariak eskuratu dituzten lanak Azpeitiko Udalaren jabetzan geldituko dira, eta lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin osatutako erakusketa zabalik izango da bihartik maiatzaren 18ra bitartean, Betharrametako erakusketa aretoan.