Kaixo, Frida eta Sorda filmak emango dituzte igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Kaixo, Frida animazio lana igandean eskainiko dute, 16:30ean hasita; gero, 19:30etik aurrera ikusi ahal izango da Sorda filmaren lehen emanaldia. Astelehenean berriz emango dute film hori, 21:00etan hasita. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira aurrez, eta emanaldien aurretik Soreasu antzokiko leihatilan ere bai.
Kanadan egindako filma da Kaixo, Frida, eta Karine Vezina da lanaren zuzendaria. Honako hau da animazio lan horren sinopsia: "Frida Kahlo neskato bakarti eta grinatsuaren istorioa da filma. Coyoacán koloretsuan eta zirraragarrian hazi da, Mexikon, eta bere jakingurak ez du mugarik. Inguruan duen guztian aurkitzen du inspirazioa; naturan edo artean, adibidez. Bizitzak zailtasunak dakarzkionean, Fridak irudimen ikaragarriarekin egiten die horiei aurre, eta mina sormen bihurtzen du".
Sorda lana, berriz, Espainian eginda da, eta Eva Libertad da drama generoko filmaren zuzendaria. Honako hau da film horren sinopsia: "Angela emakume gorrak haur bat izango du Hectorrekin. Neskatoaren etorrerak bikote harremana aldatu egiten du, eta Angela alabaren hazkuntzari aurre egitera eramaten du, berarentzat egina ez dagoen mundu batean".