Lardaxka zerbitzua sustatzeko bideo pilulak kaleratuko ditu Azpeitiko Udalak

Julene Frantzesena 2025ko mai. 5a, 10:59

Lardaxka sexualitate, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua herriratzeko eta zabaltzeko asmoz sei bideo kaleratuko ditu erakundeak. Hainbat gai landuko dituzte Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktore direla ondutako bideoetan. Lardaxka zerbitzua bi astez behin eskaintzen du udalak, astearteetan, eta doakoa da.

Lardaxka sexualitate, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua herriratzeko eta zabaltzeko asmoz, datozen asteetan sei bideo labur kaleratuko ditu Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak. Hainbat gai jorratuko dituzte ikus-entzunezko laburretan, Hiru Damatxo ideia faktoria bidelagun dela eta Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktore direla ondutako bideoetan. Aurrenekoa gaur kaleratu dute.

Azpeitiko Udalak duela urte batzuetatik eskaintzen du sexualitate, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua –2023ra arte Plax! izenpean–, herritarren ezinegonak, zalantzak eta zailtasunak argitzeko. Ikuspegi zientifiko-sexologikoan oinarritutako informazioa eskaintzen dute, Lardaxkaren bidez, gizartean zabaltzen diren topikoei, beldurrei eta aurreiritziei aurre egiten laguntzeko xedez.

Herritar guztiei zuzendutako zerbitzua da Lardaxka, eta bi astez behin eskaintzen dute astearteetan, goizez nahiz arratsaldez, eta doan. Hitzorduren bat hartu nahi duenak 688 75 10 00 telefono zenbakira Whatsap mezua idatzi edo 943-15 70 55 telefono zenbakira deitu dezake.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide