Puntu bakarra Lagun Onakentzat, distirarik gabeko futbol jardunaldian

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 5a, 10:55

Lagun Onak-Touring partidaren une bat. (Lagun Onak)

Ohorezko Erregional Mailako taldeak puntua batu zuen etxean Touringen kontra, golik gabe amaitu zen neurketan. Hirugarren Mailan, berriz, Beasainek 1-0 irabazi zion Lagun Onaki.

Distirarik batere ez eta puntu bakarra, horixe izan da asteburuko futbol jardunaldiak Lagun Onaken talde nagusiei utzitakoa.

Emakumeen taldeak batu du azken jardunaldiko puntu bakarra, baina ez da izan poz berezia ematen duten horietakoa. Atzo, etxean, Touring hartu zuen Miren Arrondoren taldeak. Golik gabe bukatu zen partida eta emaitza zelaian ikusitakoaren baleko isla izan zela esan daiteke, partida ez baitzen batere erakargarria izan. Lehen zatian parekatuta ibili ziren bi taldeak eta ez zen apenas gol aukerarik egon. Bigarren zatian Lagun Onak pixka bat nagusiago agertu zen jokoan, baina aurrean kamuts; pare bat aukera on izan zituzten Arrondoren emakumeek, baina ez zuten etekinik lortu.

28. jardunaldia osatuta, zazpigarren postuan jarraitzen du Lagun Onakek, orain 47 punturekin. Bi jardunaldi falta dira Ohorezko Erregional Mailan ligaren fase erregularra bukatzeko. Ez gorako, ez beherako, sailkapenari dagokionez ez du ezer jokoan Lagun Onakek. Datorren asteburuan Donostian jokatuko du, Irauli Bostekoren zelaian.

Derbian galtzaile

Zapatuan, gipuzkoarren arteko derbia jokatu zuten Loinatzen Beasainek eta Lagun Onakek Espainiako Hirugarren Mailako ligaren azkenaurreko jardunaldian, eta hiru puntuak etxean gelditu ziren (1-0).

Azpeitira esku hutsik ez itzultzeko adina meritu egin zuen Jose Luis Riberaren taldeak, baina ate aurrean asmatu ezean, alferrik. Igoera fasea jokatzeko txartela eskuan duen Beasainen aurrean, ondo ekin zion partidari Lagun Onakek. Etxeko taldeak ez zuen lortzen Bastidaren areara arriskuarekin inguratzea, eta hala ere, horrela zebilela lortu zuen neurketako gol bakarra: 29. minutuan, zelai erdian solte gelditutako baloia hartu, eta area kanpotik jaurtita egin zuen 1-0koa Ibargoienek. Beasainek atera egindako lehen jaurtiketa izan zen. Hortik aurrera, erasoan gehiago ahalegindu zen Lagun Onak, berdinketaren bila, baina arrakastarik gabe. Jon Sorazu zestoarra izan zen Lagunen erasoko jokaldi aipagarri guztietan protagonista, horietako bitan gola oso gertu ere izan zuen, baina ezin izan zuen baloia sareratu. Aritz Amenabarrek eta Jon Peñak min hartu zuten, eta horiek izan ziren herenegungo berri txarrenak Lagun Onakentzat. Aldiz, Ibon Odriozola gazteak talde nagusiarekin debutatzeko aukera izan zuen Beasainen; guztira, etxeko bederatzi jokalarirekin aritu zen Lagun Onak derbian.

Datorren asteburuan agurtuko du aurtengo denboraldia Lagun Onaken gizonen talde nagusiak. Garmendipen, Santurtzi izango da Azpeitikoen aurkaria; Xabi Gereta kapitainaren azken partida izango da hori.

Ibon Odriozola debutaria, Beasain-Lagun Onak neurketaren une batean. (Lagun Onak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide