Eraldatzen musika taldeak bere ibilbideko lehen lan luzea argitaratu du. Taldearen izena darama lanak, eta intro edo sarrerako abesti batez gain, bederatzi abesti biltzen dituen disko auto-ekoiztua da haien aurreneko diskoa. "Indarra, nortasuna eta arima" duten euskarazko letra "zainduak" uztartu dituzte bere-bereak dituzten punk-hardcore, rock eta metal soinuekin.
Iñaki Odriozola azkoitiarrak, Oihan Otaegi nahiz Nestor Aguado azpeitiarrek eta Alvaro Guinea salamancarrak –Cabrerizos herrikoa– osatzen dute Eraldatzen. Laukoteak Jurgi Taboadarekin grabatu du diskoa Zumaiako Ozen estudioan. Taldearen "izaera independentea eta zuzena" islatzen ditu lan berriak, azken urteetan oholtzetan "indarrez lantzen" joan diren proposamen baten emaitza gisa. "Soinu propioa bilatu nahi izan dugu. Disko hau gure barruko oihua da, gure hizkuntzan eta gure sentimenduekin sortua", azaldu dute taldekideek.
Lau lagunek Azkoitian jarri zuten taldea sortzeko hazia duela bi-hiru urte, emozioak musikaren bidez adierazteko beharra sentitu eta gero. Punk-hardcorea, metala eta rock alternatiboa oinarri hartuta, euskarazko proposamen "zuzena eta gordina" eskaintzen dute, barruko eta gizarteko kezkak islatzen dituzten letrak lagun hartuta. Lehen lanarekin beraien "soinua sendotu" nahi dute, baita Euskal Herriko eszenan "pauso sendoa eman" ere.
Diskoa entzungai dago plataforma digital guztietan, hala nola Spotifyn. Dena den, zuzeneko batzuk ere lotuta dituzte dagoeneko. Esate baterako, datorren larunbatean, maiatzak 10, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskainiko dute kontzertua, 22:00etan hasita; Urtz taldearekin batera duten indar guztia erakutsiko dute han. Nolanahi ere, hilaren amaierako beste hitzordu bat badute lotuta; aurrerago emango dute egun horri buruzko informazio gehiago.