Zapatu eguerdian plaza ikurrinez betetzeko deia egin du Gure Eskuk

Julene Frantzesena 2025ko mai. 7a, 09:15

Azpeitiko Gure Eskuko kideak.

Domusa Teknik 40 MLK proba izango da larunbatean, eta hitzordu hori baliatu nahi du Gure Eskuk Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela adierazteko eta Euskal Herri librea aldarrikatzeko. 13:15ean plaza ikurrinez betetzeko deia egin du taldeak.

Azpeitiko Gure Eskuk larunbatean Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela adierazteko eta Euskal Herri librea aldarrikatzeko deia egin die herritarrei. Hain zuzen ere, Herri Libre Bat dinamikaren barruan, eta zapatuan Domusa Teknik 40 MLK proba izango denez herrian, 13:15ean plaza ikurrinez betetzeko deia egin du taldeak.

Bestalde, mendi lasterketan parte hartuko duten korrikalariei helmugara iristean ikurrina ateratzeko deia egin die Gure Eskuk. Halaber, lasterketa ikustera joaten diren zaleei ere korrikalariak ikurrinarekin animatzeko eskatu die taldeak. "Guztion indarraz eta bultzadaz gure etorkizuna libreki erabakiko dugu, guztion indarraz herri libre bat izango gara, eta guztion bultzada behar du Euskal Herriak", azaldu dute Gure Eskuko kideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide