Ostirala izango da zaintzari buruzko galdetegiak erantzuteko azken eguna

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 7a, 13:53

Azpeitiko Zaintza Mahaiaren aurkezpena, apirilaren 1ean. (Mailo Oiarzabal)

Herriko zaintzaren egoerari buruzko diagnostikoa osatzeko helburuarekin, galdetegiak bidali zituen Udalak Azpeitiko herriko etxeetara. Ostiralerako erantzun eta aurkeztu beharko dituzte herritarrek horiek beteta.

Apirilaren hasieran aurkeztu zuten Azpeitiko Zaintza Mahaia, herriko zaintzen ereduaren eraldaketaren alde lan egitea helburu duen egitasmoa. Bada, diagnostiko bat osatzea izango da erakunde horren lehen urratsa, eta horretarako, galdetegiak bidali zituen herriko etxe guztietara. Ostiral honetan amaituko da horiek betetzeko epea.

Norbaitek galdetegia jaso ez baldin badu, Gizarte Zerbitzuetan eska dezake, edo internet bidez bete, esteka honetan. Halaber, herriko hainbat puntutan jarri dituzten ontzietan aurkeztu behar da dokumentua: herriko bost botiketan, udaletxean, Azpeitiko eta Urrestillako anbulatorioetan, Gizarte Zerbitzuen egoitzan, San Martin egoitzan, igerilekuan eta Elikagunean.

"Diagnostiko egoki bat egiteko eta zaintzaren inguruan azpeitiarrek dituzten premia, kezka eta abarrak ezagutzeko, garrantzitsua da ahalik eta jende gehienak erantzutea (adin guztietakoek)", adierazi du Udalak ohar bidez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide