Noiz eta zergatik etorri zinen Azpeitira?
Duela bost urte iritsi nintzen Azpeitira. Senarra mutrikuarra dut, eta haren seme-alabak Azpeitian bizi dira. Elkarrekin erabaki genuen hona etortzea.
Iritsi zinenean gustatu al zitzaizun topatu zenuena?
Bai, asko. Azpeitia Mutrikurekin [Gipuzkoa] alderatuta herri handia da, eta zerbitzu aldetik aukera gehiago ditu. Esaterako, kiroldegia du, Mutrikun ez genuena. Aisialdi eskaintza ere askotarikoa da helduentzat nahiz haurrentzat, eta garraio publikoaren zerbitzua autobusetara mugatzen den arren, ordutegi aldetik zabala da. Gainera, herrian zehar ez dago ia aldaparik eta bizitzeko oso erosoa da. Lan arloan eskaintza handia dago. Nik zaharren egoitzetan eta zaintza arloan egin izan dut lan, eta Urola bailaran sektore horretan, behintzat, lanik ez da falta. Industrian ere enpresa asko dago, eta esango nuke lana bilatzen duenak aurkitzen duela.
Hastapenetan zer izan zen zailena?
Euskarara egokitzea. Azpeitian asko hitz egiten da euskaraz, eta horrek berriro euskaltegian izena ematera animatu ninduen. Erronka bat da niretzat euskaraz jakitea. Alde batetik, erronka pertsonala da, hizkuntzak ikaragarri gustatzen zaizkidalako. Bestetik, erronka da, etorkizunean nire seme-alabekin euskaraz hitz egin nahi dudalako. Finean, haien hizkuntza da euskara, Euskal Herrian jaiotakoak direlako.
Euskaraz jakiteak herrira egokitzen laguntzen duela esango al zenuke?
Zalantzarik gabe. Seme-alabek haien lagunekin euskaraz hitz egiten dute, eta haiek ulertzeko beharrezkoa dut euskara. Era berean, zaintza sektorean adineko herritarrek asko eskertzen dute zaintzaileek euskaraz jakitea. Hori dela eta, Azpeitiko Udal Euskaltegiko irakasleen lana eskertu nahi dut, Aintzanerena batez ere, hura izan baitzen iritsi nintzenean lagundu ninduena. Segurtasun handia eman dit; izan ere, herritarrek asko begiratzen diete kanpotik iritsi garenon hizkuntza joerei, eta asko baloratzen da etorkinok euskaraz jakitea. Esango nuke, askoz ere errazago gizarteratzen garela euskaraz baldin badakigu.
Gaur egun nolakoa da zure egunerokoa?
Uneotan lanaldi murriztuan ari naiz lanean, haurra zaindu behar dudalako. Migranteok badugu zailtasun bat zentzu horretan, ez baitugu seniderik haurren zaintzan lagunduko digunik. Dena den, ondo moldatzen naiz. Lanari dagokionez, zaintzan badago zeregina: adinekoen egoitzak, komentuak, etxez etxeko zerbitzuak...
Zer dira Azpeititik gutxien eta gehien gustatzen zaizkizunak?
Oraindik badago jende itxia, migranteekiko mesfidatia dena, guganako distantzia hartzen duena. Lanerako garaian asko nabaritzen da hori. Horregatik da garrantzitsua euskara jakitea, herritarrek, oro har, begi onez ikusten baitute migranteok euskaraz aritzea, badirudi laguntzen duela onarpena jasotzeko. Horrez gain, faltan sumatzen dut tren zerbitzua. Oxala Donostia-Azpeitia tren zerbitzua egotea [barreak]. Atsegin ditudan gauzen artean, lehen aipatutakoez gain, zerbitzuen irisgarritasuna eta malgutasuna esango nuke.
Zer ekarriko zenuke Marokotik Azpeitira? Eta zer eraman?
Faltan sumatzen dut Marokoko giroa, han kaleak beti daude bizi-bizirik: jendearen joan-etorria, saltokietako bizitza... Han gauean ere beti dago mugimendua. Hori ekarriko nuke, baita eguraldia ere. Jatekoarekin ondo moldatzen gara, Damasoko Coviran saltokian halal jatekoa dutelako. Asko eskertzen dugu hori. Eraman, berriz, zerbitzuak eramango nituzke hara.
Zein mezu emango zenioke Azpeitira datorren horri?
Titulazio akademikoarekin etortzeko. Berdin du igeltsero, pintore, arotz edo ingeniari, baina ekar dezala tituluren bat gutxienez. Horrek asko laguntzen du herrira moldatzen, lana bilatzen eta egonkortzen. Eta, noski, euskaraz ikasteko ahalegina egin dezala.