San Isidro egunaren bueltan ospatzen dituzte jaiak Aratzerrekan, eta aurten ere ez du hutsik egingo Atxur Festak. Izan ere, auzotarrek hainbat ekintza antolatu dituzte ostegunerako, San Isidro egunerako, eta hilaren 18rako, iganderako.
Jaiei izena ematen dien santuaren egunean, ostegunean, hilaren 15ean, txupinazoarekin eta festetako ikur den atxurraren igoerarekin ekingo egitarauari, 11:00etan. Gero, San Isidroren omenezko meza izango da, auzoko elizan. Segidan, sabelak betetzeko parada izango dute hara joandakoek, eta ondoren, herri kirol erakustaldiaz gozatzekoa. Hain zuzen ere, Olaia Esnaola eta Haritz Norde harri jasotzaileak zein Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariak ariko dira plazan.
Festek igande arratsaldean segituko dute. Umeei zuzendutako ekintza sorta prestatu dute Aratzerrekako bizilagunek. Iagomagoren emanaldia, umeentzako jolasak, poniak eta merienda izango dira arratsaldean zehar. Jaiei bukaera atxurraren jaitsierarekin emango diote auzora joandakoek 20:00en bueltan.