Mila haurrez osatutako 'Logelan logale' abesbatzan parte hartuko dute Karmelo Etxegaraiko ikasleek

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 9a, 13:13

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai zentroaren egoitza.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai zentroko LH 5. eta 6. mailetako ikasleek Euskadiko Orkestrak sortutako Logelan logale emanaldian parte hartuko dute. Datorren astean estreinatuko dute, astearte eta asteazkenean Donostian, eta ostegunean Gasteizen.

Mila haur baino gehiagok osatutako abesbatza batekin Logelan logale ikuskizuna sortu du Euskadiko Orkestrak, eta bertan parte hartzen dute Karmelo Etxegarai ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek.

Urtebeteko lanketaren ostean, Euskadiko Orkestrak bere lehenengo haur kantata estreinatuko du: Logelan logale. Asteartean eta asteazkenean Donostiako Kursaalean emango dute, 12:00etan, eta ostegunean, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan, ordu berean.

Gipuzkoa eta Arabako 22 ikastetxetako mila ikasle baino gehiagok parte hartuko dute kontzertuetan,  eta Jagoba Astiazaran Zestoako musikariak sortu du jatorrizko musika. Juanjo Ocon Donostiako orkestra zuzendariak gidatuko ditu emanaldiak eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izango da kantatako protagonista: hark gorpuztuko duen pertsonaiak lorik egin ezin duen gau fantasiatsu batean oinarrituko da kontakizuna.

Euskadiko Orkestrak prentsara igorritako ohar batean azaldu duenez, lau abesbatza pilotu izango dira eszenatokian (Easo Gazte, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Pasaia Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxeetako ikasleak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide