Euskaraldia 2025

Hasi dira Euskaraldirako txapak banatzen

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 9a, 19:03

Euskaraldiko txapak banatzeko eta izena emateko mahaia, gaur, plazako arkupeetan. (Mailo OIarzabal)

Astelehenean, asteartean eta asteazkenean ere banatuko dituzte, plazan. "Hizkuntza ohiturak astintzeko" ariketa sozialean izena eman nahi dutenak garaiz daude oraindik. Datorren ostegunean, maiatzak 15, hasiko da Euskaraldia, eta irekiera ekitaldietako bat Azpeitian izango da, 19:00etan.

Datorren ostegunean hasita, maiatzaren 15etik 25era izango da aurtengo Euskaraldia. Azpeitian "hizkuntza ohiturak astintzeko" ariketa sozialean ahobizi zein belarriprest roletan parte hartzeko orain arte izena eman dutenek gaurtik jaso ditzakete hilaren 15etik 25era soinean jantziklo dituzten txapak.

Gaur jarri dute lehen aldiz txapak banatzeko mahaia, plazan, 18:00etatik 20:00etara, baina datorren astean beste hiru egunetan ere izango da txapak plazan jasotzeko aukera:

  • Maiatzak 12, astelehena: 16:00etatik 18:00etara.
  • Maiatzak 13, asteartea: 10:00etatik 12:00etara.
  • Maiatzak 14, asteazkena: 17:00etatik 19:00etara.

Izena eman dutenek dagokien txapa jasotzeko ez ezik, Euskaraldian oraindik apuntatu ez direnek izena emateko aukera ere izango dute mahai horietan. Hala ere, azken ordura arte ez uzteko eta, bide batez, datorren astean zehar txapa jasotzeko modua izateko, Euskaraldia.eus webgunean ere eman daiteke izena.

Hasiera ekitaldia

Donostian, Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Baionan eta Getxon (Bizkaia) egingo dituzte maiatzaren 15ean Euskaraldiaren laugarren aldiaren hasierako ekitaldia nagusiak. Baina Euskal Herri osoko beste hainbat herritan ere izango dira irekiera ekitaldiak, eta horietako bat Azpeitian egingo dute.

Ostegunean, 19:00etan, plazan jarri dute hitzordua herriko batzordeko kideek, eta bertara gonbidatu dituzte herritar guztiak. Han izango da Azpeitiko hamaikakoa eta, besteak beste, Euskaraldiaren mezua zabaltzearekin bat, txupinazoa ere botako dute.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide