Aurreneko kanporaketa gaindituta, eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final zortzirenetan da Azpeitia. Ilunpeko pilotariek joan den asteburuan ekin zioten txapelketari. Adunari 0-3 irabazi zioten final hamaseirenetako joanekoa, eta orduan ondo hasitako lanak atzo iluntzean errematatu zituzten etxean, Izarraitz pilotakuan. Bi partida irabazi zituzten etxekoek, eta bat galdu; horrenbestez, kanporaketa aise gaindituta, hurrengo faserako txartela erdietsi dute Azpeitikoek.
Kadete mailako partida izan zen atzo galdu zutena. Ilunpeko Iker Ansola eta Unai Beristain pilotariek 11 tanto besterik ez zituzten egin, Adunako bikoteak 22 egin zituen bitartean. Hortik aurrerako lanak, baina, erraz gauzatu zituzten Azpeitiko pilotarik. Gazte mailan, Iñigo Sarasuak eta Jokin Artetxek 22-4 irabazi zuten; eta nagusien mailan, 22-7 gailendu ziren Iker Egiguren eta Urtzi Egiguren.
Final zortzirenetan, Azpeitiak Alegiaren kontra neurtu beharko ditu indarrak. Datorren asteburuan jokatuko dituzte joaneko hiru partidak han, Alegian.
Larruzko paleta eta pala motza
Larruzko paletako eta pala motzeko Herriartekoari, berriz, bihar ekingo dio Azpeitiak. 12:00etan hasita, Debaren kontra jokatuko ditu final laurdenetako partidak, Debako Aldats pilotalekuan.
Eneko Martijak eta Urtzi Lopetegik ordezkatuko dute Azpeitia larruzko paletan, eta Asier Egiguren Bikutze-k eta Mikel Sanchezek, pala motzean.
(Argazkiak: Mailo Oiarzabal)