Julen Calvo eta Mireia Pons kataluniarrak nagusitu dira Domusa Teknik 40 MLK lasterketan

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 10a, 17:51

Iazko marketatik urrun ibili dira aurten 65 kilometroko probaren garaileak. Pello Berrizbeitia eta Urko Arizeta gipuzkoarrek osatu dute Espainiako Ultra Trail Txapelketarena ere izan den podiuma gizonetan, eta Gemma Arenasek eta Barbara Ruizek emakumeetan. Unai Zialtzeta eta Naroa Uria izan dira aurreneko azpeitiarrak: seigarren eta zortzigarren sailkatu dira, hurrenez hurren, lasterketan.

Kataluniara joan dira aurten Domusa Teknik 40 MLK-ren txapelak. Julen Calvok (6.07.43) eta Mireia Ponsek (7.16.49) irabazi dute Azpeitiko mendi lasterketaren laugarren aldia eta, era berean, baita Espainiako Ultra Trail Txapelketa ere, gaurkoarekin jokatu baitute lehiaketa hori.

Eguraldi nahasia eta eguerditik aurrera ekaitza iragarrita zeuden, baina tartean euria egin duen arren, aparteko gorabeherarik ez du eragin eguraldiak proban. Ibilbideko hainbat zatitan nagusi izan den lokatzak jarritako zailtasunak nabarmendu dituzte, hori bai, korrikalari gehienek helmugan. "Baina hau Euskal Herria da", zioen gizonetan bigarren sailkatu den Pello Berrizbeitia eibartarrak (6.13.43). Dena den, lokatzagatik izan ala ez, iazko irabazleen marketatik urrun ibili dira aurtengoak: azken orduko baja izan den Miguel Herasek 6.01.46 behar izan zituen iaz txapela janzteko; eta Gemma Arenasek, berriz, 7.04.56. Arenasek ezin izan du berritu iazko garaipena, baina bigarrena izan da gaur (7.19.51). Urko Arizeta asteasuarrak (6.15.48) eta Barbara Ruizek (7.35.24) osatu dituzte, hurrenez hurren, gizonen eta emakumeen podiumak:; gizonetan bi euskal herritar izan ditu ondoan Calvo kataluniarrak, eta bi espainiar, berriz, Ponsek.

Unai Zialtzeta –iaz bezala– eta Naroa Uria izan dira aurreneko azpeitiarrak Domusa Teknik 40 MLKn, eta lan oso aipagarria egin dute biek. Zialtzeta seigarrena izan da sailkapen nagusian, eta ia zazpi minutuko koska kendu dio iaz egin zuen markari: 6.23.43 marka egin du aurten, eta 6.30.23 behar izan zituen iaz. Uria, berriz, zortzigarrena izan da emakumeen sailkapenean (8.12.59) bere lehen Domusa Teknik 40 MLK lasterketan; iaz ere lehen azpeitiarra izan zen Uria, baina Domusa Teknik 15 MLKn.

Ikusmina piztu dute aurten ere Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketek, eta kalean zein mendietan, ikusle ugari izan da bi probak jarraitzen; horien babesa azpimarratu dute helmugan korrikalari azkarrenek, baita probak aurrera egiteko ezinbestekoak diren boluntarioen lana ere –500 inguru izan dira aurten–. Gizonen lasterketa nagusiaren aurreneko sailkatuen iritsieran ikurrinez eta Nafarroako banderaz bete dute helmuga ingurua hainbat herritarrek, Gure Eskuren deiari erantzunez, lehen emakumeak iritsi direnerako falta izan badira ere.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta Mailo Oiarzabal)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide