Azpeitiko palistek 2-0 galdu dute Deban Herriartekoaren final laurdenen joanekoan

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 12a, 10:25

Debako eta Azpeitiko palistak atzo, Debako Aldats pilotalekuan.

Larruzko paletan 35-27 galdu zuten Egigurenek eta Sanchezek, eta pala motzean 40-26, Lopetegik eta Martijak. Aste honetan jokatuko dute itzulerakoa, Betharramen.

Atzo hasi zuen Azpeitiak larruzko paletako eta pala motzeko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan aurtengo ibilbidea, Deban, eta Ilunpeko erreminta saileko ordezkariek ezin izan zioten lehiari emaitza onarekin ekin.

Izan ere, final laurdenetako kanporaketaren joanekoan jokatutako bi partidak galdu zituzten Azpeitiko palistek: larruzko paletan, Debako Badiolak eta Etxeberriak 35-27 irabazi zieten Asier Egiguren Bikutze-ri eta Mikel Sanchezi; eta pala motzean, 40-26 hartu zituzten mendean Lopezek eta Prietok Urtzi Lopetegi eta Eneko Martija.

Ez dute erraz izango Azpeitiko ordezkariek finalaurrekoetara iristea, baina itzulerako partidak aurretik dituzte, horretan saiatzeko. Hain zuzen ere, aste honetan jokatuko dituzte horiek; eguna eta ordua baieztatzeko zain, Betharrameko pilotalekuan ariko dira palistak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide