Kapitaina eta sasoia agurtu dituzte Lagun Onakeko gizonek

Nerea Uranga 2025ko mai. 12a, 15:42

Nahi ez bezala agurtu dute denboraldia Lagun Onakeko gizonek Garmendipen Santurtziren kontra 1-4 galduta. Emakumeek, berriz, sasoiko azken bigarren jardunaldia irabazi egin du 0-3 Irauli Bostekoaren aurka.

Emaitza kaskarrarekin bukatu du sasoia Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeak. 2024-2025 denboraldia agurtzearekin batera, Xabier Gereta kapitainari agur beroa egin zioten futbol klubak eta gizonen taldeak. Geretak sei denboraldi egin ditu Lagun Onaken gizonen talde nagusian eta 21 gol sartu ditu.

1-4ko porrotarekin, denboraldia gogoz agurtu zuten Riberaren mutilek. Taldearen egoera ikusita bakarrik animoak urri izan ziren zapatuan Garmendipen; izan ere, futbol zelaian lehen taldeko hamalau jokalari bakarrik aritu ziren, beste zazpi taldekide lesionatuta zeudelako. Talde nagusikoei jubeniletako Aritz Azpiazu eta Jokin Aizpuru batu zitzaizkien.

Goitik beherakoa izan da Lagun Onakeko mutilentzako azkenengo denboraldia. Hala ere, Hirugarren Mailari eustea lortu dute.

Etxetik kanpoko azkenekoan garaipena

Lagun Onakeko emakumeen kasuan emaitza bestelakoa izan zen. Denboraldiko azkenaurreko neurketa jokatu zuten atzo, igandea, Irauli Bostekoaren kontra, Donostiako Matiagoxotegi futbol zelaian. 0-3 eginda pozik etxeratu ziren neskak.

Partidaren aurrenetik jokoaren jabetza lortuta aritu ziren Lagun Onakekoak, eta golik sartzerik lortu ez zuten arren, eroso jokatu zuten lehen zatia.

Atsedenetik bueltan, dinamika berarekin heldu zioten jokoari Azpeitiko futbolariek, eta gol aukerak sortzen joan ziren. 55. minutuan zulatu zuten aurrenekoz aurkarien atea Lagun Onakekoek; kornerretik zuzeneko jaurtiketa eginda, Malen Astigarragak sartu zuen gola. Markagailuan aurretik jarrita, ondorengo minutuetan jokoa baretu egin zuten. Dena den, gero berriro baloiari helduta, bigarren gola erdietsi zuen June Casinak penaltitik. Lagun Onaken hirugarren gola partida bukatzeko bost minuturen faltan egindako jokaldi polit baten ondoren lortu zuen Joane Kortak.

Denboraldiko azkeneko jardunaldia datorren asteburuan jokatuko du Lagun Onakek Garmendipen. Beti Gazte izango du aurkaria. Lagun Onakeko futbolarien asmoa "dinamika onari" eustea izango da, izan ere bigarren itzulian partida bakarra galdu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide