Ekainaren 20an jokatuko dute aurtengo pilota jaialdia Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 13a, 08:09

Jokin Altuna, artxiboko irudian.

Ohi baino goizago hasiko da, 21:15ean. Altuna eta Martija Ezkurdia-Rezusta bikote txapeldunaren kontra ariko dira estelarrean, eta Dario eta Egiguren V.ak San Fermin Torneoko kanporaketa jokatuko dute lau eta erdian.

Urrestillako esku pilota profesionaleko aurtengo jaialdiak baditu data eta kartela. Ekainaren 20an, ostiralarekin, jokatuko dute San Joan jaien bueltan urtero antolatzen duten jaialdia. ETBren kamerak Txikuri pilotalekura itzuliko dira aurten, eta horrekin lotuta dago aurtengo jaialdiaren berrikuntza nagusia. Izan ere, ordubete aurreratu dute jaialdiaren hasierako ordua, eta 21:15ean hasiko da gaueko lehen partida.

Binakako estelarra izango da, hain zuzen, jaialdiko lehen partida: Jokin Altunak eta Julen Martijak Binakako Txapelketa Nagusiaren irabazleekin, Joseba Ezkurdiarekin eta Beñat Rezustarekin, neurtuko dituzte indarrak Urrestillan. Jaialdiko bigarren partida, berriz, lau eta erdiko San Fermin Torneoari dagokiona izango da: Dariori aurre egin beharko dio Txikurin Julen Egiguren Egiguren V.a azpeitiarrak.

Ekainaren 20ko jaialdirako sarrerak eskuratu nahi dituztenek 608 05 42 80 telefono zenbakira deitu behar dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide