Azpeitiko 1.192 sinadurek lagunduta, Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko dute bihar pentsiodunek

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 14a, 09:01

Pentsiodunen elkarretaratzea HELen alde. (Pentsiodunen plataforma)

Euskal Herriko pentsiodunek Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko dute bihar Eusko Legebiltzarrean, gutxieneko pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata berdintzea helburu. Azpeitian 1.192 pertsonak babestu dute ekimena.

1.192 sinadura batu dituzte Azpeitian pentsioen inguruko Herri Ekimen Legegilerako (HEL), eta 48.039 Gipuzkoan. Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, azken hilabeteetan sinadurak biltzen aritu da Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen plataforma, eta erraz gainditu du ezarritako erronka: 800 pertsonen babesa lortu behar zuten, eta 392 gehiago batu dira aldarrikapenera.

Herri Ekimen Legegile bat Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu dadin beharrezkoak diren 10.000 sinaduren langa aise gainditu dute, 120.000tik gora lortu baitutuzte. Hori dela eta, bihar aurkeztuko dute dokumentua, erakunde horri eskatzeko gutxieneko pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata berdindu arte osatzeko araudi propioa onartu dezala.

Pentsiodunen Mugimenduak jakinarazi zuenez, manifestazioa egingo dute bihar Gasteizen, sinadurak ofizialki Eusko Legebiltzarrean aurkezteko. Mobilizazioa Katedral Berriko Plazatik abiatuko da eta Legebiltzarrean amaituko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide