Museoen Eguna ospatuko dute igandean Burdinbidearen Euskal Museoan

Nerea Uranga 2025ko mai. 15a, 08:00

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa. (Nerea Uranga)

Museoen Nazioarteko Eguna aintzat hartuta, lurrun trenaren zirkulazio bereziak eta hainbat erakustaldi antolatu dituzte.

Maiatzaren 18an, igandean, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan tren historikoen zirkulazio bereziak eta erakustaldiak antolatuta.

Lurrun tren historikoek museoaren eta Lasaoko geltokiaren arteko joan-etorria egingo dute 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. 11:00etako joan-etorria Vasco-Asturiana konpainiaren Alsthom 1004 diesel tren makinarekin egingo dute, Tarben (Okzitania) eraikia da 1965ean. 12:00etan eta 13:00ean, berriz, Euskadi (Munich, Alemania, 1920) eta Zugastieta (Glasgow, Eskozia, 1888) lurrun tren historikoak aterako dituzte.

Graftonen (1920) lurrun-garabia ere martxan jarriko dute igandean Burdinbidearen Euskal Museoan. Garabi hori Babcock & Wilcox enpresarentzat eraiki zuten, eta lantegi horretan merkataritza zerbitzua eman zuen 1997 urtera arte. Horrez gainera, Azpeitiko museoan U-52 (Bilboko Hiri Tranbia, 1932) eta 218 (Zaragozako Tranbia, 1952) tranbia elektrikoak ere erakutsiko dituzte.

Museoen Egunaren bezperan, larunbatean, lurrun trenaren ohiko irteerak mantenduko dituzte; alegia, 12:00etan eta 17:30ean izango dira horiek.

Museoaren instalazioen ordutegia, berriz, honakoa da:

  • Asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.
  • Larunbatetan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.
  • Igande eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik): 10:30etik 14:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide