Margoketak egin dituzte bart Tecnaliak Anardi industrialdean duen egoitzaren fatxadan, enpresa horrek Israelekin dituen harreman komertzialak salatzeko. "Palestinako sarraskiaren konplize" eta "Palestina askatu" idatzi dute, eta fatxada pintura gorriarekin zipriztindu. Eskualdeko beste herri batzuetan ere antzeko pintaketak egin dituzte, eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak bere gain hartu du ekintza.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak ohar batean adierazi duenez, Tecnaliaren bezero nagusiak Israelgo Estatuarekin harremanak dituzten industria militarreko enpresak dira, hala nola, Sapa, Indra, Boeing eta Thales. "Gainera, defentsa eta segurtasunera bideraturiko teknologia garatzen du eta Espainiako armagintzako sektorearen patronalaren (TEDAE, gazteleraz) sozioa ere bada", salatu du.
Bestalde, BBVA bankuaren sukurtsaletan ere egin dituzte pintadak, Israelekin harremanak dituzten industria militarreko enpresak "milioika eurorekin" finantzatu dituelako. "Bankuen finantziazio hori gabe ez litzateke posible izango beraien jarduna aurrera eramatea", agertu dute.
Hain zuzen ere, Nakbaren 77. urteurrenean azaldu dira pintaketak. Nakbak "hondamena” esan nahi du arabieraz, eta 750.000 palestinarren exodoa oroitzen du urtero, maiatzaren 15ean. 1947an Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Israel eta Palestinaren lurren banaketaren ondotik hasi zen ihesaldi handia.