Viviane Straub artistaren (Ravensburg, Alemania, 1989) Textile erakusketa irekiko dute bihar 18:00etan, eta ekainak 1 arte ikusteko aukera egongo da. Gainera, bi bisita gidatu eskainiko ditu artistak: bata maiatzaren 24an, 12:00etan, eta bestea hilaren 29an, 18:00etan. Euskal Herriko ibaietan hondakin izatera kondenatutako ehunak artelanetara erreskatatu ditu Straubek.
Paisaiaren ideia gatazkan jartzen du Strauben proposamenak., pinturaren eta kulturaren kontzeptu antropozentrista dela iritzita, eta bere lan egiteko erak kontrakoa iradoki dezakeen arren, argi du erakusketaren eginkizuna ez dela kontzientzia ekologikoa piztea. Hondakinak erreskatatu ditu, funtsean, eta artea egiteko lehengai bezala erabili. Ikuslea ez da ohartuko, baina, behinola ibai bazterrean zikin egon zirela orain artelana osatzen duten ehun harilkatuak.
Ibilbide aberatsa
Viviane Straubek Filologia erromanikoa eta Artearen Historia ikasi zituen Alemanian eta Frantzian, eta Arte Ederrak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Kulturaz kultur kooperatibak eskaintzen dituen Sorkuntza Bekak ekarri du artista alemaniarra Azpeitira, eta DOI izeneko erakusketa programaren zazpigarren proposamena ondu du Dinamoan egin duen egonaldian.
Alta, Azpeitia ez da izango bere erakusketa bat jasoko duen Euskal Herriko udalerri bakarra. Bilboko hainbat aretoetan ikusgai jarri ditu bere lanak, eta baita Donostia eta Donibane Garazin ere. Gainera, hainbat sari jaso ditu Viviane Straubek, besteak beste, Max Weber eta Studienstiftung des deutschen Volkes fundazioen bekak jaso zituen eta, berriki, Espainiako Ehungintza Sorkuntzako Elkartearen beka ere jaso du, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria ere.