Israel Palestinan egiten ari den sarraskia salatu eta Palestinako herritarrei elkartasuna adierazi diote hainbat lagunek gaur arratsaldean. Sanjuandegiko biribilgunean elkartu dira dozenaka lagun, Elkar-ekin taldeak deituta. Genozidioa gelditzeko eskatu dute horiek, eta Israelekin harreman guztiak eteteko aldarrikapenarekin bat egin.
Martxotik Gaza erabat blokeatuta du Israelek, eta herritarren %93 gosete arriskuan daude uneotan. Hala adierazi du Elkar-ekinek. Gainera, Israelek genozidioa hasi zuenetik 52.000 palestinar baino gehiago hil dituela gogorarazi du.
Era berean, Espainiako Gobernuak Israelekin "kolaboratzen" jarraitzen duela salatu du. "Azken datuen arabera, 2023. urtetik armagintzari lotutako harremanak izan ditu genozidio hori egiten ari den estatuarekin. Bi gobernuen artean aurrez zituzten armen salerosketarako akordioek indarrean jarraitzen dute, azken asteetan kontratu bat bertan behera utzi duten arren".