Abian jartzera zoazte aurtengo bonu kanpaina, 4.000 bonurekin. Noiz eta nola erosi ahalko dira?
Amaia Salegi: Bonuak Azpeitiko Azoka Plazan erosi ahal izango dira asteazkenean, 16:00etatik 20:00etara eta ostegunean 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:00etara. Bestalde, azpeitiazaindu.eus webgunean ere erosteko aukera izango da. Eta nola jaso ahalko dira? Aukera desberdinak daude: batetik, Bertanek azoka plazan duen bulegoan jaso daitezke, edota etxera bidaliko dira, Enkarguk zerbitzuaren bidez. Etxean inor ez balego, buzoian utziko genituzke.
Zeintzuk dira erosketa bonuek izango dituzten xehetasunak?
Oihana Odriozola: Bonu bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta 50 euroko balioa izango du. Bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. Asteazkenetik aurrera jarriko dituzte salgai, eta uztailaren 30era arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten saltokietan. Herritar bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu.
Ba al duzue zerbait nabarmentzeko.
O.O.: Berrikuntza ez den arren, nabarmendu nahiko genuke Enkarguk proiektuaren bidez erosketak egiten dituzten bezeroek bonuekin ordaintzeko aukera dutela.
"Enkarguk proiekuaren bidez erosketak egiten dituzten bezeroek bonuekin ordaintzeko aukera dute"
Zein saltokitan erabili ahalko dira?
A.S.: Momentuz, 154 saltokik bat egin dute aste honetan abian jarriko dugun bonu kanpainarekin. Mota desberdinetakoak daude: moda, elikadura, etxetresnak… Herritarrek erosketak egiteko aukera zabala izango dute.
Aurreko kanpainatan egin bezala, aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei (2007an jaiotakoei) 15 euroko bonua oparituko diezue, beraiek erosi beharrik gabe.
O.O.: Garrantzitsua iruditzen zaigu, izan ere, ekimen honen bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi ditugu, bertako produktu eta saltokietan kontsumitu dezaten, eta horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen.
Bonu kanpainarekin, udalak herriko merkataritzaren aldeko apustu zuzena egiten du.
A.S.: Apustua da, eta oso ona, gainera. Pizgarria da herritarrentzat, eta asko mugitzen ditu salmentak, herritarrak bonuen zain egoten baitira erosketak asko egiteko.
Eragin zuzena du, beraz, herriko merkatari txikietan eta ekonomian.
A.S.: Era bat, kontuan hartu behar da Azpeitia Zaindu kanpainara 60.000 euro bideratuko dituela udalak, eta aurreikusten du ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango duela herriko merkataritzan.